Carmen de Patagones, Argentina. Urtero ospatzen dute Buenos Aires probintziako hego-mendebalde muturreko Carmen de Patagonesko eta Rio Negroko Viedma hiriek "Patagoniako Burujabetza Jaia" edo Fiesta de la Soberanía Patagónica izeneko ekitaldia. Aurten joan den astean, martxoaren 4tik 8ra, luzatu zen eta Aberri Etxeko txikiek, ‘Lagun Onak’ taldeko dantzariek, ‘Abestu Beti’ Abesbatzak eta oro har Elkarteko kideek oro ohiko engaiamenduarekin ordezkatu zuten eskualdeko euskal gizataldea jaialdian.
Martxoaren 4an hasi ziren ekitaldiak El Condor bainuetxe eta hondartzan, bertan gogoratu nahi izan zutelako ‘Duquesa de Goias’ izeneko itsasontziaren hondoratzea. “Hura", azaldu diote euskal etxetik EuskalKultura.eus-i, "eta handik sortu ziren liskarrak 1827ko martxoaren 7an gertatuko zen balentriaren jatorria izan ziren”. Aberri Etxeko lagunek bertan ez ezik, martxoaren 7an, Plazoleta del Fundador-en egindako zeremonia ofizialean eta desfile zibiko militarrean ere hartu zuten parte.
Jaialdian --hirugarren urtez jarraian-- kultur stand bat ere muntatu zuen Carmen de Patagones eta Viedma hirietako euskal gizataldeak biltzen dituen Euskal Etxeak. Argazki bilduma, hemen.