euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Engaiamendu eta gogo bizia asteburuan Cañuelasen 2023ko Aberri Eguneko Topaketan, azoka eta 16 euskal etxe partaide

2023/04/17

Ezkerrean, mikrofonoa eskuan, Cañuelaseko Denak Bateko lehendakari Veronica Zulaicak eskerrak eman dizkie 2023ko Aberri Egunean parte hartu duten Euskal Etxeetako ordezkariei
Ezkerrean, mikrofonoa eskuan, Cañuelaseko Denak Bateko lehendakari Veronica Zulaicak eskerrak eman dizkie 2023ko Aberri Egunean parte hartu duten Euskal Etxeetako ordezkariei

PUBLIZITATEA

Cañuelas, Argentina. Denak Bat Euskal Etxea antolatzaile pasa den asteburuan Aberri Eguna eta 15. Dantzarien Topaketa agitu dira Cañuelasen. Gogoratu aurten euskal postuen azoka moduko bat muntatu zela euskal mozkinekin Denak Baten egoitza kanpoaldean, partaide zirela: Zirimiri zeramika, Aitunea objektu eta disenuak, La Platako Haritza jantziak, Las Vasquitas likorea, Hummus janari begetarianoa, Don Atilio Uribelarrea upategia, Valle de Goñi ardi gazta eta Txikito Argentina.

Larunbateko 18etarako jendetza zegoen bilduta Euskal Etxearen atarian, euskal artikuluen salmenta postuen inguruan. Egoitzako ataritik abiatuta, Danborradak Argentinako euskal diasporako hainbat euskal etxe, dantza talde eta elkarteren bilgarri izan zen asteburu oso baten hasiera markatu zuen. Partaideak, gazteak ia guztiak. Soilik euskal etxe eta dantza taldeak, hamasei.


Cañuelas bertako NacPop TV kateak Aberri Eguneko Dantzari Topaketaz egindako bideoa

Danborrada General San Martin Plazara heldu ostean, Denak Bateko lehendakari Veronica Zulaicak ongietorria eman zuen oholtzatik eta Aberri Egunaren historia aipatzen zuen Mikel Ezkerrok idatzitako testu bat irakurri zuen, Ezkerro bera bertaratutakoen artean. Ondoren, danbor-jotzaileen txanda izan zen oholtza gainean, Danborrada osatzen zutelarik Cañuelas bertako dantzarrariak, Buenos Airesko Laurak Batekoak, Las Heraseko Zazpirak Batekoak eta Pergaminoko Lagun Onakekoak.

Gazteak gogotsu eta ilusioz

Ohorezko Aurreskua txikienek dantzatu zuten oholtza gainetik eta oholtza aldamenetik, berriz, Denak Bateko Euskal Arima dantza taldeko gazteek. Plaza nagusian muntatutako agertokitik elkarte anfitrioiko abesbatza aritu zen segidan, eta horrek bide eman zion 10 dantza talde partaide izan zituen dantza erakustaldiari, bildutako publikoaren txalo zaparrada artean.

Antolatzaileek euren esker ona luzatu nahi izan zieten ospakizunera bildutako talde eta erakundeei eta oroigarri gisa eguzkilore bana banatu zieten talde bakoitzeko ordezkariei. San Martin plazako partea bururatuta, festak iluntzean segitu zuen Denak Baten egoitzan. Afaldu ondoren, Daniel "el Jopo" Galfredoren hirukoteak girotu zuen gaua Argentinako eta Euskal Herriko musiken erritmopean.

Igandean azken agur eta senidetasun bazkaria egin zen ordezkaritza guztiak partaide, cañuelastar ugari ere bilduta. Begi bistakoak egin ziren animazioa eta parte hartzeko gogoa, herrialdeak bizi duen kinka ekonomiko larriaren gainetik, aurrera egiteko, eusteko eta atzendu gabe Diasporako euskal lekukoa gogor atxikitzeko eta bidean segitzeko engaiamenduak. Gure gazteak, beste euskal etxe batzuetakoekin bat eginez, partekatzen ikusteak, komunitatea indartuz, ahalegin guztiak balio ditu, azpimarratu zuten antolatzaileen iturrietatik.

Honako euskal etxe eta taldeak partaide egin zen topaketa:

Maipúko Anaitasuna Euskal Etxea
- Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxea
- Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxea
- Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxea
- Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegia
- Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpea Euskal Etxea
- La Platako Euzko Etxea
- Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxea
- Saladilloko Itxaropen Euskal Etxea
- Pergaminoko Lagun Onak Euskal Etxea
- Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxea
- Buenos Airesko Oihankide Taldea
- Magdalenako Ongi Etorri Euskal Etxea
- Paranáko Urrundik Euskal Etxea
- General Las Herasko Zazpirak Bat Euskal Etxea
- Chascomúseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea
- Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxea

Zorionak euskal elkarte guztiei eta Denak Bateko antolatzaileei!


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia