Berlin, Alemania. Hiriburu alemaneko Euskal Etxeak adierazi digunez, Eneritz Furyak kantari irundarrak kontzertua eman du joan den asteartean bertako Saarbach Galerian, Neuköllneko auzoan. Gogora dezagun abeslaria Europan barrena abiatu zela ekain azkenean kontzertu-sorta bat prestaturik. Izan ere, 28an Bordaleko Euskal Etxean jo zuen, biharamunean Pariseko Paï Paï Bistrot-en, 30ean Bruselan eta joan den asteartean, berriz, Berlinen. Bere webgunearen arabera gaur osteguna Alemaniako Chemnitz-en arituko da, ostiralean Suitzako Luzernan eta larunbatean, azkenik, Lyonen.
Berlingo Euskal Etxeak, bestalde, sekula antolatu duen lehenengo piknikerako deia egin du asteburu honetarako, ikasturte amaierako edo opor aurreko azken proposamen gisa.
Hitzordua gure agendan irakur daiteke eta larunbaterako da, 14:00etan, hiriko Treptower Park-en. Bazkideak, euskara ikasleak, lagunak eta euskaltzaleak oro ongi-etorriak dira.