euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eneko Sanz, Uruguaiko euskal musikarien aztarna ikertzen ari da: 'Uste baino material askoz gehiago aurkitu dugu'

2008/04/09

Irudian, ikerketan lortutako argazkietako bat
Irudian, ikerketan lortutako argazkietako bat

PUBLIZITATEA

Iragan urtean eskuratu zuten Juan Zelaia bekari esker Eneko Sanz eta Alberto Irigoyen ikertzaileak Uruguaiko euskal musikariei buruzko ikerketa ari dira egiten. Prozesu honetan hasieran uste baino informazio askoz gehiago aurkitu dute eta dagoeneko 80 lagunek osatutako euskal uruguaiar musikari zerrenda osatu dute. Euren ikerketa Uruguaiko euskal etxeetan, Euskal Herriko Eresbilen artxiboetan, Sabino Arana Fundazioan eta euskal udaletan garatu dute, informazio bila. Proiektua irail hondarrean bukatzea espero dute, nahiz eta data horrez gaindi aritzeko material adina bildu duten.
'Polita litzateke Hego Amerika osoko euskal musikariei buruzko ikerketa egitea, baina materiala oso ugaria izango litzateke eta denbora asko beharko genuke lana amaitzeko', aitortzen du Eneko Sanz ikerlariak. Iragan urteko urrian lortutako bekarekin Uruguaiko euskal musikariei buruzko ikerketa ari da burutzen Sanz, Alberto Irigoyen uruguaiarrarekin batera. 80 pertsona ingururen informazioa lortu dute orain arte, baina 'luzarorako emango du ikerketak', azpimarratzen du Sanzek. 'Egunez egun jende gehiagoren izenak topatzen ditugu artxibo pribatu eta publikoetan, eta gero, horien paperetan beste zenbait pertsonen izenak azaltzen dira, zerrenda luzatuz eta amaigabe bihurtuz', adierazten du ikertzaileak.

Aurkitutako musikarien artean denetatik dago: konpositoreak, joleak, zuzendariak, musika klasikokoak, herrikoikoak, txistulariak, dantza-taldeetako partaideak eta dantza-zuzendariak. Bertsolariei dagokienez, nahiz eta Urugaien protagonismoa eduki zutela jakin, bi ikerlariek ezin dute hori oraindik zehatz-mehatz baieztatu. 'Bertso paperik ez dugu aurkitu. Badakigu bazeudela, baina ez dugu hori frogatzen duen dokumentaziorik lortu. Egia da saioak egiten zireneko artikuluak argitaratu zituztela prentsan, baina dokumentazioa agertzen ez den bitartean, ezingo dugu zehatz-mehatz bertsolariak bazeudenik esan', azaltzen du Sanzek.

Euskal Herritik Uruguairako emigrazioa

Bi fasetan gertatu zen Euskal Herritik Uruguaira joandako euskaldunen emigrazioa: 36ko Gerra aurreko urteetan eta gudaren ostean. Lehen kasuan, Hego Amerikara joandako euskaldunek euren egoera hobetzeko helburuarekin abiatu ziren. Bigarrenaren kasuan, berriz, Gerra Zibilaren ondorioz, euskaldun askok erbestera abiatu behar izan zuten eta Uruguai askoren topalekua bihurtu zen.

Ikerketan aurkitutako dokumentaziorik zaharrena 1867. urtekoa da, Filarmónica de Mercedes delako orkestraren sorrerarena. 1869. urteko datuek adierazten dutenez, garai horretan Uruguaien zegoen euskal kolektibitatea oso handia zen. 'Euskaldunek abestiak, himnoak eta halakoak sortzen zituzten', adierazten du Sanzek. 1911tik aurrera euskal kolektibitate berriak sortu ziren, hala nola, Euskaro eta Euskal Erria Euskal Etxeak. '1924. urtea ere garrantzitsua izan zen, Aita Donostia iritsi baitzen Uruguaira eta bertako musikariekin egon zen harremanetan', azpimarratzen du Sanzek. Azkenik, 1943. urtean ospatutako Euskal Astea ere da aipatzekoa, bertan txistulari eta musikari euskaldunek parte hartu baitzuten.

Irail hondarrerako amaitzea

Ikerketa irail hondarrerako amaitzea espero dute bi ikertzaileek. 'Esperientzia oso polita izaten ari da. Beste era batera ikertzeko aukera ematen du lan honek', azpimarratzen du Sanzek. Berak Euskal Herritik ikertzen duen bitartean, Alberto Irigoyenek Uruguaitik egiten du lan eta internet eta telefono bidez komunikatzen dira. Aurkitu duten material andana dela eta, lan handia dute esku artean ikerlariek. Eresbileko arduradunekin harremanetan jarriko dira, behar izanez gero ikerketa entregatzeko epea luzatzeko. 'Orain arte 150 orrialde inguruko lana osatu dugu, baina epea amaitzen den arte are gehiago izan daitezke', adierazten du ikertzaileak.


Lotura interesgarriak

Eresbil, Musikaren Euskal Artxiboa
www.eresbil.com

Eneko Sanz eta Alberto Irigoyen, Juan Zelaia bekaren irabazle
2007ko urriaren 30ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia