euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eneko Sagardotegia: Euskal Herrian bezala baina Necochean, Argentinan prestatutako sagardo eta txuletoiez

2015/09/10

Necocheako Eneko Sagardotegia martxan
Necocheako Eneko Sagardotegia martxan

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko sagardotegietako menu berbera eskainiko du Eneko Sagardotegiak Necocheako Euzko Etxeko ospakizun eta jai nagusietan. Bitartean, sagardoa euskal etxean eukiko dute, horretarako propio eskuratutako hiru kupeletan, eta denboraldia bukatzean botilaratu egingo da egun berezietan kontsumitzeko. Proiektuko arduradunak Betikoak sukaldaritza elkarteko kideak dira. Hurrengo ‘txotxa’ seguruenik urriaren hasieran izango dela iragarri diote EuskalKultura.com-i.

Necochea, Argentina. Abuztuaren 21ean irezi zituen ateak Argentinako lehenengo 'tolare-sagardotegiak', Buenos Aires probintziako Necochea hirian. Eneko Sagardotegia Euzko Etxearen baitan sortu da eta bertan funtzionatuko du euskal etxeko ospakizun nagusietan. Proiektua Betikoak izeneko Elkarte Gastronomikoarena da eta elkarteko kideek azaldu digutenez, “hilabete batzuetako lana izan da: hasteko sagardoa eta ‘txotxa’ egin ahal izateko hiru kupel eskuratu genituen; horretaz aparte, tolarea eta sagarrak txikitzeko makina muntatu genituen; maiatz amaieran hasi ginen sagardoa prestatzen eta 160 bat litro inguru ekoitzi ditugu”.

Inaugurazio egunak lagun ugari bildu zituen euskal etxean eta euskal sagardotegietako menu berbera zerb itzatu zen, txorizoa sagardo erara, bakailao tortilla, txuletoi errea, eta postrerako gazta eta irasagar-gozokia. Irekitze ekitaldian sagardotegiaren babesleak ere izendatu ziren. Euskal etxeko lagunak izateagatik eta ekimen honetarako emandako aholkuengatik Hernaniko Oialume sagardotegiko Koro eta Axentxio Barrenetxeak jaso zuten ohore hori.

Betikoak taldean sagardogile eta ekimeneko arduradun ibilitako Horacio Zubillaga, Osvaldo Martínez Lecumberri, Esteban Dabadie, José Luis Iribarne eta Néstor Galmán-ek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez, “sagardotegiaren hazia 2011ko Necocheako Euskal Aste Nazionalean landatu genuen. Programako gauetako batean sagardotegia geneukan, Oialume-tik ekarritako sagardo botilekin eta menu tipikoarekin. Ekintza oso arrakastatsua izan zen eta orain, lau urte pasa eta gero, hazi hark bere fruitua eman du eta geure sagardoa lortu dugu, etxean eginda”, dioskute bozkarioz.

Sagardotegiar en martxari dagokienez, euskal etxetik jakinarazi digute hurrengo ‘txotxa’ urriaren hasieran izango dela seguruenik. Ondotik, geratzen den sagardoa botilaratu egingo da, urtarrilean, San Sebastian jaian zerbitzatu ahal izateko. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia