euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eneko Espino, txistu irakaslea: "Udalekuko umeak dira gure kulturaren bermatzaileak Estatu Batuetan"

2015/07/09

Eneko Espino eta  txistu ikasleak Udalekuren azken eguneko jaialdian, San Frantziskoko Basque Cultural Center-en (argazkia Udaleku 2015)
Eneko Espino eta txistu ikasleak Udalekuren azken eguneko jaialdian, San Frantziskoko Basque Cultural Center-en (argazkia Udaleku 2015)

PUBLIZITATEA

Iragan uztailaren 3an amaitu zen San Frantziskon Udaleku 2015, AEBetako 116 neska-mutilen partehartzearekin. Esperientzia ahaztezina izan da bai gaztetxoentzat, eta baita irakasle eta antolatzaileentzat ere. Zinez esan daiteke Udalekuk engantxatu egiten duela. Galdetu bestela Eneko Espino gasteiztarrari: seigarren urtez etorri da aurten, neskamutilei txistu irakastera. "Ederra da zure lana baloratzen dutenean. Baina benetan betetzen nauena ezagutu dudan jendea izan da; AEBetan etxean bezala sentitu naiz", esan dio EuskalKultura.com-i.

San Frantzisko, AEB. Amaitu da Udaleku 2015 eta bertan parte hartu duten neska-mutilak etxean dira dagoeneko euren guraso eta familiarekin, San Frantziskon bizitakoak kontatzen. Ia bi astez 116 gaztetxok parte hartu dute esperientzia honetan, eta euskal kulturaren hainbat alorretan sakondu dute: txistu, dantza, kultura, euskara/kantua, pilota eta musa.

"Aurtengo gai nagusia Xiberoa izan da, eta dantzan kulturan, euskara eta kantuan Xiberuarekin lotura duten gaiak jorratu ditugu", azaldu dio EuskalKultura.com-i Eneko Espino irakasleak. "Dantzan adibidez, Makil dantza, Godaleta, Kadrillak… egin dituzte; Eta euskara-kantuan, pastoral txikitxo bat ere egin dute. Txistuaren kasuan ez dugu lemarekin bat datozen kantak jotzeko aukera izaten, normalean maila altua behar delako hoiek jo ahal izateko. Kanta nahiko errezak baina umeentzako erakargarriak direnak landu ditugu".

Udalekuk markak hautsi ditu aurten, inoiz baino ume gehiagorekin. "Nire sentsazioa da oso ongi pasatzen dutela eta betirako egiten dituztela lagunak. Beste urte batzutan egin dituzten lagunak berriz ikustean --askotan urtean behin bakarrik ikusten direnez-- poztasuna ikusten da haien aurpegietan. Beste kasu batzuetan, lehenengo aldia denean, urduritasuna nabaritzen da, baina hurrengo egunerako lagun berriak egin dituzte eta zoriontsu egoten dira", esan du Espinok.

Aurtengo Udalekun honeko taldea ibili da irakasle lanetan:

-dantza: Valerie Arrechea (San Frantzisko) eta Patrick Quéheille eta Elodie Aranagary (Xiberua)
-euskara: Virginia Aramburu.
-kultura eta mus: Lisa Etchepare eta Teresa Franzoia.
-pilota: Ximun Destaillac.
-pastoral-kantuz: Titika Recalt (Xiberua)
-txistu: Caroline Chiramberro eta Eneko Espino (Gasteiz)

Espinorentzako seigarren urtea izan da aurtengoa, eta esperientziarekin biziki pozik agertu da gasteiztarra: "2008an izan zen nire lehenengo Udaleku, Buffaloko Wyoming-en. Ondoren Chino, Reno, Boise, Elko eta San Franzisco etorri dira eta ahal izan ez gero etorriko direnak, jada datorren urterako, Salt Lake Cityn egingo den Udalekurako gonbitea jaso dut!".

"Euskal Amerikarren errealitatea ezagutu eta ulertzea bertan bakarrik egin daiteke. Ikusi eta ikasitako hori kontuan hartuz, gure kultura are gehiago maitatzen ikasi dut eta galdera eta interes berri asko sortu zaizkit horren ildora", agertu du. "Esker mila NABOri aukera emateagaitik eta, batez ere, urte hauetan Udalekun parte hartu duten ume guztiei. Beraiek dira Udalekuko parterik garrantzitsuena eta gure kulturaren bermatzaileak AEbetan", amaitu du.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia