euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

ENE Saria lekuko gisara dabil eskuz esku Mar del Platako Korrikan, euskararen alde lan egin dutenak omenduz

2007/03/27

Veronica Domingo Artaburuko kide eta euskara irakaslea (erdian) ENE Saria eskuetan, Eusketxe eta Euskaltzaleak-eko zenbait lagunez inguratuta saria Buenos Airesen jaso ostean (EuskalKultura arg.)
Veronica Domingo Artaburuko kide eta euskara irakaslea (erdian) ENE Saria eskuetan, Eusketxe eta Euskaltzaleak-eko zenbait lagunez inguratuta saria Buenos Airesen jaso ostean (EuskalKultura arg.)

PUBLIZITATEA

Mar del Platako Artaburu Euskaltzale Taldeak bat egin du Korrikaren edizio berriarekin eta euskararen aldeko lasterketaren bertsio propioa egiten ari da egunotan. Mar del Platako Korrikak, ordea, lekuko berezia dauka: Euskararen Nazioarteko Egunean Artaburuk irabazi zuen ENE Sariaren estatuatxoa da eskuz esku pasatzen ari diren lekukoa. Joan den ostegunean hasi zen Mar del Platako Korrika eta etapa bakoitzean euskal etxeko euskara klase bat edo dantza saio batetik 'pasatzen' da, bere ibilbidea berezia eginez. Ostiralean bukatuko da lasterketa, 'Korrika Txiki' batekin. Ekitaldiokin batera Artaburu taldeak datorren apirilean hasiko duen Euskal Hizkuntza eta Kultura Tailer berria aurkeztu nahi izan du.
Abenduaren 3an jakinarazi zieten Artaburu Euskaltzale Taldekoei ENE Saria irabazi izana, baina taldekideek, fisikoki, ez dute Sariaren ezaugarri den Basterretxearen estatuatxoa joan den martxoaren 15era arte jaso. Gonzalo Auzak, EuskoSareko zuzendari teknikoak eman zien Buenos Airesen saria, Artaburu '2006 urtean Euskal Herritik kanpo euskararen aldeko aktibitate gehien antolatu zituen taldea' bezala aitortuz. Artaburukoek saria elkarteko kide guztiekin konpartitu nahi eta horretarako bide ezinhobea aurkitu dute Korrika, estatuatxoa lekuko gisara eskuz esku pasatuz euskararen alde lan egiten duten lagun guztienganaino iritsiko baita.

Hori dela eta, egunotan saria Mar del Platako euskal etxean zehar dabil eta elkarteko arlo desberdinetan bolondres lanean jarduten duten emakumeei emango zaie, omenaldi gisa (korrika 15ek emakumeak omentzen ditu, euskararen transmisioan eginiko lanagatik). Euskara irakasle eta ikasleak, dantza zuzendariak, dantzariak, dantzarien ama eta amonak eta Denak Bat Euskal Etxeko zuzendaritzako kide eta bazkideak, denek izango dute euren omenalditxoa, Korrika 15aren baitan.

Korrika Txikia ostiralean

ENE Sariak joan den ostegunean, martxoaren 22an, hasi zuen bidea, euskara klase eta dantza saioetatik pasatuz, eta horrela jarraituko du datorren ostirala arte. Ostiralean Korrika Txikia egingo dute Denak Bat Euskal Etxean eta Beti Alai dantza taldeko dantzari txiki eta ertainek parte hartuko dute bertan. [Ezkerreko irudian Veronica Domingo Artaburuko kidea ENE saria jasotzen joan den martxoaren 15an Buenos Airesen, Gonzalo Auza, EuskoSareren zuzendari teknikoaren eskutik (argazkia Artaburu)]

Korrika Txiki honetarako Artaburu Taldeak, urtean zehar Ikastolen aldeko jaietan (Nafarroa Oinez, Kilometroak...) egin ohi dituen antzeko joko eta aktibitateak prestatu ditu. Gauean Denak Bat Euskal Etxeko euskara ikasle, irakasle, bazkide eta lagunentzako afari bat egingo da. ENE Saria orduan mahai gainean izango dute, bertaratzen diren guztiekin konpartitzeko asmoz. Apirilaren 3an ordea, iruditxoa Euskal Etxeko 'Ariztimuño-tar Jose' liburutegian jasoko dute, agian Korrikaren edizio berri batera arte.

Ekitaldiz jositako 2006 urtearen balantzea

Korrika 15aren alde antolaturiko ekitaldiak une egokia izan dira Artaburu taldeak urtean zehar eginiko lanaren balantzea egiteko. Ekitaldi horien artean, Artaburukoek nabarmendu nahi izan dituzte: haurrentzako Euskara Tailerrak izan zuen arrakasta, Ikastolen aldeko jai desberdinen Mar del Platako bertsioak, Presencia Vasca irratsaioan egiten den euskara tartea, 'Euskara Denontzat' urtekariaren argitalpena edota VII. Euskararen Astea. Aparteko aipamena merezi du Euskarako Tailerreko haurrek urtean zehar eginiko marrazki eta eskulanen erakusketak. [Eskuineko irudian Euskal Etxeko haurrek eginiko marrazkiak (argazkia Artaburu)]

Era berean, Artaburu elkarteak 2007rako prestaturiko ikastaro eta proiektuen berri ere eman du. Urteroko aktibitateak joan den martxoaren 19an hasi ziren, maila ertain eta goreneko nagusien euskara ikastaroekin. Apirilaren 16an oinarrizko mailako ikastaroari ere hasiera emango zaio, baina kasu honetan izena emateko epea zabalik dago oraindik. Ikastaroan parte hartu nahi dutenek Denak Bat Euskal Etxera jo behar dute (Moreno 3440, Mar del Plata) edo hona idatzi.

Euskal Hizkuntza eta Kultura ikastaro berria

Proiektu berriei dagokienez, Artaburuk abian jarriko du Euskal Hizkuntza eta Kultura ikastaro bat, datorren apirilaren 12tik aurrera. Hiru hilabeteko iraupena izango du ikastaroak eta bere helburua ikasleek euskal kulturaren inguruko gaiak hobeto ezagutzea izango da, geografia, historia, usadioak, mitologia eta gastronomia bezalako arloak jorratuz. Aldi berean euskararekiko interesa bultzatuko du eta ikasleek euskaraz komunikatzeko oinarrizko ezagutza batzuk jasoko dituzte. Parte hartu nahi duen edonori irekita egongo da aktibitate hau. [Goiko irudian Korrika Txikia dela eta Mar del Platan eginiko erakusketaren detailea (argazkia Artaburu)]

Lotura interesgarriak

Mar del Platako Artaburuk jaso du ENE saria
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 4an

Artaburuk 'Nafarroa Oinez' antolatu du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko urriaren 26ean

Kilometroak' Mar del Platan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko urriaren 9an

Artaburuk Araba Euskaraz egin du Mar del Platan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko ekainaren 23an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia