euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bozkarioa Euskaltzaleak-en ENE Sariagatik elkarte porteñoaren 70. urteurren urtea hastear (irudiak)

2013/12/11

Euskararen Eguneko jaian loreak eskuratu zitzaizkien erakundeko irakasle guztiei (argazkia EuskalKultura.com)
Euskararen Eguneko jaian loreak eskuratu zitzaizkien erakundeko irakasle guztiei (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Bozkarioa nagusi izan zen joan den larunbatean Buenos Airesen, Euskararen Eguna ospatzeko hiriko Euskaltzaleak euskaltegiak antolatutako jaian. Bertan, ordea, Euskararen Eguna baino gehiago ospatu zen. Izan ere, oso urte emankorra izan da 2013 euskaltegiarentzat, egoitzan egindako berritze lanei esker ekintza andana burutu baita. Baina zalantzarik gabe, kopa jaso eta topa egiteko arrazoi handiena ENE Saria irabazi izana izan zen. Eusko Ikaskuntzak ematen duen saria Buenos Aireseko Euskaltzaleak-entzat izan da aurten eta, erakundeko arduradunek esan dutenez, “elkartearen 70. urteurreneko urtean sartzeko era bikaina da”.

Buenos Aires, Argentina. Euskara mantendu eta zabaltzea da Euskaltzaleak-en helburu nagusia. 1944tik hona daramatza ekimen honetan Buenos Airesen eta bistan da lan emankorrean ari dela. Iraganeko buruhausteak gorabehera, oztopoak gainditu ahal izan ditu erakundeak eta gaur egun egoitza propioa izateaz gain euskal ekitaldien bultzatzaile sendo bat bihurtu da Argentinako hiriburuan. Euskara eskolak ez ezik, abesbatza, musika tailerrak, zine zikloa eta ostiraleko topaketak gauzatu ditu urtean zehar instituzioak. Eta etxetik kanpo ere mugitu da, gizataldeen jaietan, hainbat jardunalditan eta baita berak antolatutako Buenos Aireseko lehenengo Triki-Poteoan ere. ENE saria pozik egoteko arrazoi bat da, "baina batez ere beti bezala lan egiten jarraitzeko bultzada handia”, esan dute euskal etxeko agintariek bildu zituen 130 lagunekin aretoa bete zuen Euskararen Eguneko Jaian.

ENE Euskaltzaleaken 2013 01

[Euskaltzaleak-en urte amaierako eta Euskararen Eguneko jaia Buenos Airesko Kataluniako 'Casal'en  burutu zen, joan den larunbatean. Programarekin hasteko Aurreskua dantzatu zuen jatorriz Arrecifeskoa izanik euskaltegiko dantza irakasle den Renzo Bustos-ek (argazkia EuskalKultura.com)]

ENE Euskaltzaleaken 2013 0011

[Ondoren, eta Eliseo Rodriguez-en zuzendaritzapean, Euskal Herriko kantutegiko klasiko batzuk abestu zituen Euskaltzaleak-eko abesbatzak, tartean, Eusko Gudariak, Txoriak Txori, Aldapeko, Donostiako Martxa (Ikus hemen), Ikusi Mendizaleak eta Agur Jaunak (argazkia EuskalKultura.com)]

ENE Euskaltzaleaken 2013 0012

[Abesbatzaren emanaldiari dantzarienak jarraitu zion. Renzo Bustos eta Estefania Abasolo irakasleen eskutik, Bob Espok, Fandango eta Arin Arin (ikus hemen) aurkeztu zituzten Euskaltzaleak-eko tailerreko dantzariek (argazkia EuskalKultura.com)]

ENE Euskaltzaleaken 2013 0013

[Musikarekin jarraituz, Euskaltzaleak-eko panderojoleak ere igo ziren tauletara. Ainhoa Iribar irakasle eta trikitilariarekin batera Hamabost-hamasei urte (ikus hemen) jo zuen taldeak (argazkia EuskalKultura.com)]

ENE Euskaltzaleaken 2013 0014

[Tailerretako aurkezpenak bukatutakoan, bideo instituzionala proiektatu zen. Irudien bidez euskaltegiaren 2013ko berriak, ekintzak, proiektuak eta lorpenak erakutsi zitzaizkion publikoari. Ondoren, lunch-a hartzeko momentua heldu zen. 130 lagun bildu ziren afarira, tartean Iparraldeko Euskal Etxeko, eta Cañuelas eta Gral Las Heraseko euskal etxeetako ordezkariak (argazkia EuskalKultura.com)]

ENE Euskaltzaleaken 2013 02

[Jaiaren bigarren zatian, euskara taldeen aurkezpenak burutu ziren. Hasteko, lehenengo mailako ikasleek jolas bat proposatu zuten. Puxikei lotuta zeuden hitzekin abestien esaldiak sortu eta hitz bat osatu zuten partaideek: Independentzia (argazkia EuskalKultura.com)]

ENE Euskaltzaleaken 2013 03

[Ondoren larunbatetako ikasleetako batzuek umorezko sketx bat egin zuten. (argazkia EuskalKultura.com)]

ENE Euskaltzaleaken 2013 05

[Euskara eta Kultura tailerreko ikasleek euskal presoak ekarri zituzten jaira. Haien egoera zein den eta haiekin duten posta trukea aurkeztu zuten (argazkia EuskalKultura.com)]

ENE Euskaltzaleaken 2013 06

[Buenos Airesko Versailles auzoan ere ematen ditu euskara klaseak Euskaltzaleak-ek. Kide batek astero ireki dizkio ateak taldeari eskualdeko lagunak bildu ahal izateko. Versailles-eko taldeak Aita Semea abestiaren bertsio bat kantatu zuen arpak lagunduta (argazkia EuskalKultura.com)]

ENE Euskaltzaleaken 2013 04

[Jarraian, hirugarren urratseko taldeak bideo bat aurkeztu zuen… eta "Euskal Herriko jaietan neska-mutilak nolakoak diren" kontatu zuten (argazkia EuskalKultura.com)]

ENE Euskaltzaleaken 2013 07

[Eta euskara ikasten hasi berri-berriak direnak ere animatu ziren ekitaldian parte hartzera. Haietako batzuk Urkoren Lehenengo ikasgaia abestiaren bertsio bat eskaini zuten taula gainean (argazkia EuskalKultura.com)]

ENE Euskaltzaleaken 2013 08

[Hirugarren urratseko neskak euskararen itsasora atera ziren. Eta abesti batekin euskaldunen hizkuntza ikasteko gorabeherak adierazi zituzten (argazkia EuskalKultura.com)]

ENE Euskaltzaleaken 2013 09

[Azkenik, eta ikasleen aurkezpenekin bukatzeko, mintza taldeko kideek bertsolaritza zer den azaldu... eta bertso batzuk bota zituzten (argazkia EuskalKultura.com)]

 ENE Euskaltzaleaken 2013 10

[Ikuskizuna Pai Mu Tan Jazz taldearen musikarekin amaitu zen. Jazz taldeak Ken Zazpiren 'Ilargia' pieza jo zuen beste batzuen artean (argazkia EuskalKultura.com)]

ENE Euskaltzaleaken 2013 11

[Topa egiteko momentuan euren poza eta esker ona adierazi zieten Euskaltzaleak-ekoek bertara bildutako lagun guztiei. Zorionak! (argazkia EuskalKultura.com)]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia