Donostia-San Sebastián. Bueltan da Finlandian Basking Beat & Bite (lehenago Bite Basque Beat zuen izena) euskal musika jaialdia, aurtengoan En Tol Sarmiento (ETS), Huntza eta Mikel Urdangarinekin. Abuztuaren 31tik irailaren 2ra egingo da, Tampere eta Helsinki hirietan. Aipatu taldeen musika emanaldiez gain, euskal pintxoak dastatzeko aukera ere eskainiko du eta baita musika kulturaren sektorearekin “networking hamaiketako”a ere. Etxepare Euskal Institutuak eta Basking Food & Culture elkarteak sustatzen dute, lankide dituztela Bizkaiko Foru Aldundia eta Musika Bulegoa.
Jaialdiaren hirugarren edizioa izango da. Lehenengoan Gatibu, Zetak eta Olatz Salvadorrek hartu zuten parte, bigarrenean Izaro, Skakeitan eta Bulego taldeek eta hirugarren honetan ETS, Huntza eta Mikel Urdangarin-ek bidaiatuko dute Finlandiara. Basking Beat and & Bite abuztuaren 31n hasiko da Tamperen. Inaugurazio ekitaldia goizeko 11:00etan egingo dute Tampereen Gourmet Clubean. Euskal dantza eta gastronomia dastatzeko aukera izango da. Musika arloari arratsaldean ekingo diote, euskal taldeen lehenengo emanaldiekin Tavara-asema aretoan.
Finlandiako euskal musika jaialdia abuztuaren 31tik irailaren 2ra bitarte egingo da Tamperen eta Helsinkin, En Tol Sarmiento (ETS), Huntza eta Mikel Urdangarin partaide
Irailaren 1ean, Helsinkik hartuko dio lekukoa Tampereri. Programazioa “mikrofono ireki” saio batekin hasiko da finlandiar hiriburuko Brasa Terrace aretoan. Irailaren 2an, aldiz, Tampereko egitaraua errepikatuko dute Helsinkin. Goizeko 11:00etan musika eta kulturaren sektoreko lagunek “networking hamaiketako” saioa egingo dute Brassa Bar tabernan. Eta iuntzeko 19:00etan ETS, Huntza eta Mikel Urdangarinek euren zuzenekoa eskainko dute Lepakkomies tabernan.
Finlandiako euskal musika jaialdi honek Tamperrada [Tampere izena eta Tamborrada hitza uztartuz] izeneko euskal pintxo txapelketa du jatorrian. 13 urtez antolatu da, eta urtero 62 taberna eta jatetxe parte hartzailerekin antolatu izan du Mikka Reinikka euskara eta euskal kulturaren zale amorratuak. Jaialdi gastronomiko bezala hasi zena, denborarekin handitzen joan da eta orain azokak, kontzertuak eta bestelako ekimenak ere emendatu ditu. Hortik dator, hain zuzen ere, Basking Beat & Bite jaialdiaren izena (“hozkatu euskal erritmoa” moduan itzuli daiteke).
En Tol Sarmiento (ETS)
En Tol Sarmientoren (ETS) 'Ametsetan' kantua euren zuzeneko diskokoa (2017)
En Tol Sarmiento, ETS bezala ezaguna, Euskal Herriko musika talde entzunenetarikoa da. Ekoran (Araba) sortu zen 2005ean eta ska eta rock musika estiloak uztartzen ditu. Taldekideak dira Iñigo Etxezarreta (ahotsa, gitarra), Ruben Campinun (baxua), Floren Díaz (bateria), Ruben Terreros (tronpeta) eta Javier Lucas (tronboia). Gaur egun, euskal musikaren baitako fenomeno garrantzitsuenetako bat da eta zuzeneko indartsu eta kementsua dute.
Huntza
Huntzaren 'Aldapan Gora' izango da seguruenik taldearen kanturik ezagunena
Huntza 2014an Bilbon sortutako musika taldea da, eta bere estiloa triki-pop-a moduan definitu izan da. Josune Arakistain Salas (trikitixa, ahotsa), Uxue Amonarriz Zubiondo (panderoa, ahotsa), Aitor Huizi Izagirre (biolina, biola), Aitzol Eskisabel Ruiz (gitarra), Inhar Eskisabel Ruiz (baxua) eta Peru Altube Kazalis (bateria) dira partaideak. Bost disko kaleratu ostean, aurten euren agurra iragarri dute. Azken Agurreko kontzertua Bilbon eskainiko dute 2024ko otsailaren 3an.
Mikel Urdangarin
Mikel Urdangarin, 'Margolaria' bere diskoko 'Itsasoan euria' kantu berritua
Mikel Urdangarin (Zornotza, 1971) egungo euskal kantautorerik garrantzitsuenetakoa da. 25 urteko ibilbidea du musikari gisa eta folk ukituekin baina popetik gertu dagoen musika estiloa jorratzen du gehien bat, “intimista” moduan defini daitekeena. Herri tradiziokoak diruditen abestiak egiten asmatu du, gitarra helduleku nagusi duelarik. Bere ibilbidean kolaborazio ugari egin ditu, hala nola, Rafa Rueda, Bingen Mendiabal edota Kirmen Uriberekin.