euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Emozioz eta musikaz beteriko Errugbi Gauaren ostean, Pariseko Eskual Etxeak bere urteroko festa ospatuko du bihar

2016/04/01

Eskual Etxea jendez lepo egon zen Frantzia eta Ingalaterraren arteko errugbi partida ikusteko (argazkia Paris EE)
Eskual Etxea jendez lepo egon zen Frantzia eta Ingalaterraren arteko errugbi partida ikusteko (argazkia Paris EE)

PUBLIZITATEA

Asteburu bizi bizia izango du Pariseko Eskual Etxeak, larunbatean elkartearen festa ospatuko baitu. Euskal Etxeko elkarteetako taldeek erakustaldiak eskainiko dituzte, Inauterietako erraldoi konpartsa ere tartean, eta Festaire taldeak jarriko du musika. Bestalde, iragan martxoaren 22an, Errugbi Gau jendetsua egin zen euskal etxean, Frantzia eta Ingalaterraren arteko Sei Nazioak txapelketako partida ikusteko aitzakiarekin. Giroa bikaina izan zen, Pamplonica txarangak lagunduta.

Paris, Frantzia. Pariseko Eskual Etxeak bere urteroko festa egingo du asteburu honetan, elkartea osatzen duten talde guztien parte hartzearekin. Bihar haurrentzako lantegi batekin hasiko da eguna: "Contes et legendes" (Ipuinak eta kondairak), Inauterietako erraldoi konpartsak lagunduta. Ondoren elkarteek erakustaldia eskainiko dute eta eguna ondo amaitzeko afaria egingo da Festayre bandak alaituta. Igandean, festak jarraipena izango du, honako egitarauarekin: meza, aperitif-a musikarekin, eta bazkaria.

Errugbi Gaua

Bestalde, iragan martxoaren 22an gau jendetsua izan zuen euskal etxeak, lagun asko bildu baitziren bertara Sei Nazioak errubgi txapelketako Frantzia eta Ingalaterraren arteko partida ikusteko. Eskual Etxea egitarau zabala prestatu zuen gau horretarako: festa zortzietan hasi zen Bagad Pariz: bretainiar musika taldearen kontzertuarekin, ondoren errugbi partida eta hamaiketan Bagad Pariz taldearen kontzertuaren bigarren partea.

Gaua giro ederrean amaitzeko Peña Pamplonica txarangak giro ederra jarri zuen eta ondoren DJ Neshoren musikarekin goizaldeko ordu ttikiak arte dantzan aritu ziren paristar euskaldunak. Elkarteko Maitane Larrondek EuskalKultura.com-i agertu dionez, "Euskal Etxea bete betea zen, arrakastatsua izan da gaua. Partida ikusteko jende asko, eta partida eta gero, are jende gehiago, Frantziako estadioa Euskal Etxetik hurbil kokatzen baita!".

Elkartearen jardueren berri, Eskual Etxearen webgunean.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia