euskal diaspora eta kultura
2011/09/13
PUBLIZITATEA
Eugi-Zubiri, Nafarroa. Eguraldia lagun izan zuten larunbatean Eugin eta Zubirin bildu ziren 700 lagunek, 'Euskal Artzainak Ameriketan' elkarteak antolatu zuen topaketan. Bilkura antolatzen duen taldeak hitzordua baliatu zuen elkarte bezala aurkezpen ofiziala egiteko. Laura Igantzi da elkartearen presidentea eta, EuskalKultura.com-ekin solasean, egun "hagitz hunkigarria" izan zela aitortu du: "Hainbeste urtez pasatako uneak betirako gelditu dira beraien oroimenean eta errekonozimendu hau jasotzea eta lagunak berriz ikustea oso garrantzitsua da beraientzat".
Bilkuran 1940 eta 1970 urteen artean Ameriketan artzain izandakoek eta senitartekoek parte hartu zuten. Eguna harrera eta meza elizkizunarekin hasi zen. "Auzperri abesbatzak eta Bankako Menditarrak taldeak Agur Jaunak kantatu zuten eta hamabost bat lagun elizatik begiak malkotan atera behar izan zuten. Askok negarrez bukatu zuten", aipatzen du Igantzik. Ondoren artzain kanpamendu bat erakutsi zuten eta argazki erakusketa egin zen Zubiriko polikiroldegian. Eguna bazkari batekin eta pilota partidekin biribildu zuten.
Nafarroako gobernuaren ordezkaritza
Jaira bildu zirenen artean Juan Luis Sanchez de Muniain, Nafarroako Gobernuko kultura kontseilaria ere izan zen. Igantzik ordezkaritza ofizial honen garrantzia azpimarratu du, foru gobernuak elkartearen ekimenei sostengua emateko asmoa agertu duela azalduz. Ekimen horien artean, elkarte sortu berriak artzain hauen esperientziak Nafarroan izan zuen eragin ekonomiko eta kulturala aztertzeko proiektua du.
"Egun honetan egiten den bestaz gain, ikerketa bultzatu nahi dugu. Tesi bat egiteko adina ematen duela uste dugu", aipatzen du Igantzik. Izan ere, artzain haien emigrazioak ondorioak izan zituen Nafarroako bailaratan: haiek bidalitako diruarekin berritu ziren baserriak, erosi ziren makinak, eta eurek ekarri zituzten ere artzain txakurrak, Igantziren esanetan.
2015eko jaialdira?
Elkarteak orain arte bildutako 1000 inguru argazkiekin fondo dokumental bat osatuko du eta bilkuraren sei edizioetan bildutako informazioarekin (izenak, dokumentuak...) datu-basea osatuko du. Horrez gain, beste ekimen kuttuna AEBetara bidaia antolatzearena da. "Askok ez dute hara bueltatzeko aukerarik izan eta hemengo ordezkaritza bat bidali nahi dugu AEBetako piknik batera", azaldu du Igantzik. Noizko? Ahal bezain pronto, antza. "Hasieran 2015eko Jaialdira joatea polita litzatekeela pentsatu genuen, baina batek baino gehiagok esana digu 'eta ez banaiz ailegatzen?'".
Elkartea lehenengo pauso ofizialak ematen hasi da, ekimen horiek gauzatzeko bidean. Momentuz hamabi lagunek osaturiko zuzendaritza batzordea du (zonalde edo bailara bakoitzeko ordezkariekin), eta larunbateko bazkariaren ondoren 80 bazkidek izena eman dute dagoeneko. Elkarteko kide izan nahi duenak Euskal Artzainak Ameriketan elkartearekin harremanetan jarri behar du, emaila bidaliz helbide honetara: euskalartzainakameriketan@gmail.com
Aita gogoan
Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko presidentearentzat ere oso berezia izan zen eguna, eta horrelaxe izan dira aurreko bost edizioak ere, Oestean artzain ibili zen aitaren gomutagatik. "Duela zazpi urte aitak Artzain Mundua bilkuran parte hartzeko gonbitea jaso zuen. Neuk lagundu nion, eta Nafarroako artzain gutxi zirela ikusi genuen. Baina hasi dira solasten han bizitakoaz, eta pentsatu nuen 'hau altxor bat da!'", gogoratzen du.
Izenak biltzen hasi eta orain zazpi urte "ekitaldi xume" bat antolatu zuen Igantzik Lesakan. Hurrengo pausoa lehenengo bilkura antolatzea izan zen, baina aita jaia ospatu baino hamabost egun lehenago hil zen. "Egun oso gogorra izan zen. Dena han bukatuko zela uste nuen, baina jendeak emozionatuta segitzeko eskatu zidan, eta amak ere eskatu zidan, eta aitarengatik segitu dut", aitortzen du. Elkartearen sorrerak bertara joan ziren guztien oroimena gorde eta ezagutarazteko ahalegin honetan aurrerapauso berri bat adierazten du.
-Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen orria Facebooken, hemen
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus