euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Emozioz beteriko dantzaldiarekin ospatu zuen Montevideoko Eusko Indarra taldeak bere 25. urteurrena

2007/11/06

Altsasuko ihauterietako dantza aurkeztu eta dantzatu zutenekoa 25. urteurreneko jaialdian
Altsasuko ihauterietako dantza aurkeztu eta dantzatu zutenekoa 25. urteurreneko jaialdian

PUBLIZITATEA

Montevideoko Eusko Indarra dantza talde uruguaiarrak bere sorreraren 25 urteurrena ospatu du, taldean aritutako kide eta lagunak bildu zituen ekitaldi jendetsuarekin. Urtebetetze festa bikaina eskaini zuen taldeak, dantza-ikuskizun aparta, Zazpi Probintziotako molde ugaritasuna aurkeztuz, eta Eusko Indarraren sasoi ona erakutsiz. Euskal dantzen zirrara sentiarazi zuten dantzariek eta eurak eta ikusleak dantzan bukatu zuten ospakizuna.
Eusko Indarra dantza taldeak bere sorreraren 25. urteurrena ospatu zuen joan den urriaren 17an, Montevideoko Movie Center Antzokian eskaini zuen dantza erakustaldi jendetsuarekin. Taldeak euskal kulturaren alde 25 urte hauetan jardun izan diren lehengo eta oraingo kideak omendu zituen 'zirraragarria izan zen' ekitaldi batean.

Ongi etorri hitz batzuekin hasi zen gaua, Eusko Indarraren sorrera eta esangura azalduz. Ondoren taldeko argazki historikoekin eginiko ikusentzunezkoa eman zuten antzokiko pantailan. Ezustekoa polita gertatu zitzaion hura bat baino gehiagori eta partaide ohi eta ikusle askok euren burua ikusi ahal izan zuten irudietan. 'Batzuk txikitan hasi ziren eta gurekin nagusitu dira. Beste batzuk ile ilunak genituen eta egun ileak urdindu zaizkigu edo burusoildu gara. Gaur ama diren neskak euren alaben amonekin egiten dute dantza', horrela laburtu zuen Enrique Poittevinek, egun Haize Hegoa Euskal Etxeko presidente den euskaltzaleak, Montevideoko bizpahiru euskal belaunaldi bildu dituen taldearen ibilbidea.

[Goiko irudian ikuskizunaren une bat, Eusko Indarrako kideak Tafallako Jota dantzatzen]

[Goiko irudian, ezkerretik eskubira eta goitik behera, ikuskizunaren zenbait: Gipuzkoako Ezpata Dantza; Sorgin Dantza; Ingurutxoaren une bat eta Enrique Poittevin eta Maite Bengoa aurkezle]

Dantzari nagusi eta txikien engaiamendua

Ikusentzunezkoaren ondoren hasi zen dantzaldia. Dantza bakoitzaren aurretik azalpen bideo bat eman zuten, dantzaren esananahia, ezaugarriak eta jatorrizko herria aipatuz. Ondoren dantzariek euren onena eman zuten taula gainean, dantzazaletasuna eta gogoa publikoari kutsatu arte. Eta dantzari nagusien alboan, dantzari txikiak, eurak ere gogoa eta konpromezua erakutsiz eta txalo zaparrada jasoaz. Ikusleek ederki gozatu zuten ikuskizunaz eta euren txalo eta harrera ona dela medio bi ordutakoa behar zuen ikuskizuna hiru ordutaraino luzatu zen.

[Goiko irudian, ezkerretik eskubira eta goitik behera: dantzari txiki bat ikuskizunean partaide; dantza xehetasuna; Eltziegoko dantza eta txikien emanaldiaren beste une bat]

Sortzaile eta dantzariei omenaldia

Erakustaldiarekin bukatzeko, dantzari guztiek, 45 lagun nagusi eta txiki artean, taula gainera igo eta 'Zorionak zuri' abestu zuten. Ez zen hori izan bukaera baina, ezusteko bat gordeta zeukatelako. Egungo dantzariek taldea sortu eta urte hauetan Eusko Indarraren alde lan eskerga egindako kidehistorikoak omendu zituzten: Maite Bengoa, Danilo Maytia, Vivianne Adduino, Mirentxu Saralegui, Karina Fernández Artasánchez eta Enrique Poittevin. Bakoitzari brontzezko plaka oroigarri bat eman zioten.

Ederki merezitako omenaldia jaso zuen baita ere Alex Tejeriak, Eusko Indarrako dantzariek entsaiotarako erabiltzen duten etxearen jabeak, 'bere sostengu eta pazientziagatik, astebururo egiten ditugun entsaio eta bileretan gu agoantatzeagatik', antolatzaileek azaldu zutenez. Bukatzeko Eusko Indarrak beste 25 urte bete ditzan topa egin zuten bertaratutakoek eta denak dantzan agurtu zuten gaua.

[Goiko irudian, ezkerretik eskubira eta goitik behera: taldearen sortzaileei omenaldia; Alex Tejeriari omenaldi berezia (itzaletik, baina taldearen sostengu irmo eta tinkoa izan baita Maite Bengoaren ama den emakume langile eta euskaltzale hau); Eusko Indarrako 45 dantzariak taulagainean; azken agurrean ikuslegoa ere dantzan (argazkiak Eusko Indarra)]


Lotura interesgarriak

Eusko Indarrak 25 urteak ospatuko ditu
EuskalKKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 11an

Haize Hegoa Uruguaiko nezakal azokan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko irailaren 21ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia