euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Emozioa, harrotasuna eta memoria": Venado Tuertoko Immigrantearen Plaza Gernikako Arbolaren kimuaren abegileku da berriro

2024/09/11

Gernikako haritzaren kimu berri bat landatu du Venado Tuertoko euskal komunitateak Immigrantearen Plazako 'Euskal Txokoan'
Gernikako haritzaren kimu berri bat landatu du Venado Tuertoko euskal komunitateak Immigrantearen Plazako 'Euskal Txokoan'

PUBLIZITATEA

Venado Tuerto, Argentina. Duela urtebete eta aste batzuk, Venado Tuertoko Udalak San Bizente auzoko Immigrantearen Plazako txoko bat utzi zion Euskal Lagunen Etxea Elkarteari. Izan ere, iazko uztailaren 30ean, hiriko euskal gizataldea bertan bildu zen Santa Fé probintziako inguru honetan finkatu ziren euskal etorkinen gorazarre. Plazako Euskal Txoko horretan, Gernikako Arbolaren kimu bat landatu zuten. Tamalez, parkeko alderdi hori bandalizatu egin zuten eta kimuak ez zuen aurrera egin. Geroago, eraberritu egin dute  Immigrantearen Plaza, argi berriak jarri, eta abuztuaren 11n, igandea, kimu berri bat landatu zuten. Ale berriari sare bat jarri diote, babesten laguntzeko. Aurreko kimua bezala, hau ere Tandilgo Gure Etxea EEko “Legatua eta Ondarea” proiektuaren baitan hazitakoa da.

Haizeari eta hotzari aurka eginez, bertako euskal ondorengo talde handi bat bildu zuen ekitaldiak. Lagun izan zituzten aldameneko Entre Ríos probintziatik etorritako euskal lagunak, baita Cordoba probintziako Arias-etik eta Buenos Aires probintziako Colón eta Florentino Ameghinotik etorritakoak ere. Eurekin batera, Venado Tuertoko beste gizatalde batzuetako ordezkariak, esaterako alemanak. italiarrak eta irlandarrak. Guztiak izan ziren lagun eta partaide, izan ere guztiak eskukada lur bana hartu eta lagundu baitzuten haritz berriaren sustraiak lurrez estaltzen.

 
Euskal Lagunen Etxeko idazkari Ana González (eskuinean) izan zen kimu berria landatzeko ekitaldiko gidaria

Komunikabide grafikoek, irratiek eta tokiko telebistak eman zuten ekitaldiaren berri. Hautetsi eta agintarien artean bertan ziren Leonardo Calaianov probintziako diputatua eta Udal Gobernuko Ekoizpen Garapen eta Hiri Plangintzako idazkari Santiago Meardi Lacunza. Euskal Lagunen Etxeko idazkari Ana González izan zen kimuaren landaketa ekitaldiko gidari. “Bolondres taldetxo bat besterik ez bagara ere, guretzat harrotasun izugarria da, erraldoia esango nuke, gure sustraiak ohoratu ahal izatea. Oroimenaren gordailua gara, nolabait esatearren, memoriaren zaindari eta transmisoreak”, laburbildu dio, hunkidura nabaria zaiola, EuskalKultura.eus-i.

2024ko Gizataldeen Jaia

Venado Tuertoko 2024ko Gizataldeen Jaia irailaren 15ean egingo da, 10etatik 20ak arte, General Belgrano Udal Parkean. Gastronomiak eta musikek euren lekua izango dute. 15etatik aurrera, dantza emankizunak eskainiko dituzte oholtza gainean partaide diren herrialde eta kulturetako dantzari eta kultur taldeek. Euskaldunena 16:50etarako iragarri da ("Ballet Horizonte - Países Vascos").



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia