euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Emozioa, bozkarioa eta partaidetza gogotsua atzo Maiatzeko Etorbidean 'Buenos Airesek EH ospagai'ko 2023ko edizioan

2023/06/05

Ekainaren 4an izandako “Buenos Airesek Euskal Herria ospagai” jaialdiaren postalak: agurra, inaugurazio-desfilearen burua, plazako dantzak eta Danborrada
Ekainaren 4an izandako “Buenos Airesek Euskal Herria ospagai” jaialdiaren postalak: agurra, inaugurazio-desfilearen burua, plazako dantzak eta Danborrada

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Pertsona uholde bat bildu zen atzo arratsaldean, ekainaren 4an, Maiatzeko Etorbidean, hiriburu argentinarreko “Buenos Airesek Euskal Herria ospagai” (BAEHO) gastronomia eta kultura jaialdiaren 11. edizioan parte hartzeko. Laurak Bat Euskal Etxeak antolatua, Hiriko Gobernuarekin batera, jaiak dantza, musika, gastronomia, kirola, euskara, haur plaza, artisautza, liburuak, diseinua eta produktu tipikoak eskaini zituen, irrati eta telebisten zuzeneko transmisioak barne. Dena bozkario izan zen hiriko Maiatzeko Etorbidean. Adin guztietako jendeak arratsalde ahaztezin bat partekatu zuen Rio de la Plata ondoan sei orduz birsortu zen Euskal Herri txiki batean.

 
Ordezkari instituzionalak, antolakuntzakoak, Busnoa Aires Hiria eta Laurak Bat, FEVA, Eusko Jaurklaritza eta Nafarroako Gobernua, ezkeretik eskuinera: Sara Pagola, Pamela Malewicz, Mercedes Barbara, Arantxa Goicoa, Gorka Álvarez Aranburu, Arantxa Anitua eta Pello Pellejero 

Arratsaldeko seiak jo eta minutu batzuk geroago Laurak Bat Euskal Etxeko lehendakari Arantxa Goicoak honakoa aitortzen zion Euskalkultura.eus-i: "Egun luzea eta alaia izan da! Kontent nagoela esatea gutxi da, poz-pozik nago. Neure Argentinako hainbat lagun euskaldun ospakizun honetan ikusteak arima bete dit. Eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua gurekin egotea oso pizgarri handia izan da. Hurrengo ediziorako erronka Iparraldeko agintariak ere bertan egotea izango da. Zaila da, baina saiatzen bagara, posible izango da! Eskerrik asko, letra larriz, bertaratu diren guztiei, haiek gabe ez zatekeen ezer posible izango!", adierazi digu.

Euskal eta nafar gobernuetako ordezkariek bat egin zuten Argentinako euren jendearekin, euskal eta nafar etxe, dantzari eta erkidegoko kideekin

Bertan izan ziren Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkari Sara Pagola eta Kanpoko Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu. Nafarroako Gobernuaren aldetik, ekitaldiak partaide izan zuen, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiko Eskualdeen Arteko Lankidetzaren eta Kanpo Herritarren Zerbitzuko zuzendari Pello Pellejero Goñi. Euskal Herriko esparru politikotik, halaber, Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkidea bildu zen.

Argentinako euskal erakundeen ordezkariei dagokienez, makina bat euskal etxe, dantza eta kultura talde eta ekimenen ordezkariekin batera, FEVAko lehendakari Arantxa Anituak hartu zuen parte eta, tokiko agintari argentinarren aldetik, Pamela Malewicz Buenos Aires Hiriko Giza Eskubideen eta Kultur Aniztasun idazkariordeak, eta Gizataldeen zuzendari nagusi Mercedes Barbara ere bertaratu ziren.

Zorionak eta irudi kronika zabala

Ondoko egunetan 2023ko “Buenos Airesek Euskal Herria ospagai” kale jaialdi erraldoi honen une gogoangarrienetako batzuk bilduko dituen argazki galeria eta bideoak argitaratuko ditugu.

Zorionak BAEHOn 2023an modu batera edo bestera parte hartu eta ekitaldiaren arrakasta berri bat ahalbidetu zuten pertsona, elkarte eta erakunde guztiei!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia