euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Emily Lobsen: “Pozgarria da, filma ikusi ostean, jendea identitate desberdinak mantentzearen garrantziaz iritzia aldatzen ikustea”

2015/10/01

Emily Lobsenz proiektu burua bada ere, hainbat profesionalen laguntza izan zuen bidean, bereziki Marcus Lehmann argazkilaritza zuzendariarena (Argazkiak: E.L.)
Emily Lobsenz proiektu burua bada ere, hainbat profesionalen laguntza izan zuen bidean, bereziki Marcus Lehmann argazkilaritza zuzendariarena (Argazkiak: E.L.)

PUBLIZITATEA

Denbora luzea joan da Emily Lobsenz (Connecticut, AEB, 1979) ‘Song of the Basques’ dokumentalaren lehen minutuak grabatzen hasi zenetik. Edozelan ere, orain arte ez du AEBetako zinemetan proiektatzeko aukerarik izan. Izan ere, beste hainbat proiektu hasi eta amaitu ditu euskaldunen inguruko film hau bukatu zuenetik, baina azkenik heldu da ordua: “Ederra da, behingoan, filma partekatu ahal izatea! Herri hau maite dudalako egin nuen filma, baina partekatu nahi nuelako ere bai”, adierazi dio EuskalKultura.com-i.

 

Ander Egiluz Beramendi / New York, AEB. Gathr Films enpresak ‘Song of the Basques’ filma zinemetara eramateko aukera eskaintzen du, emanaldia norberak eskatuta: zinema nahieran.

 

Sei urte eta gero, zinema aretoetan izango da ‘Song of the Basques’, azkenik.

-Ederra da, behingoan, filma partekatu ahal izatea. Herri hau maite dudalako egin nuen filma, baina partekatu nahi nuelako ere bai. Euskal Herriarekiko ditudan sentimenduak partekatzea gustatzen zait.

Horrelako proiektua bukatzeak ere ondo sentiarazi behar dizu.

-Jakina. Baina gauzarik politena izan da euskal herritar zenbaitek beren herria ondo irudikatu dudala esan didatela.

Zergatik luzatu da prozesua horrenbeste?

-Lau urte eman genituen filma amaitzeko. 2009an hasi ginen, eta gero edizioa, postprodukzioa… Prozesua luzea izan zen, eta nire lehen filma zenez distribuzio tradizionala nahi nuen egin, baina oso gauza korapilatsua da hori eta ideiaz aldatu nuen. Festibal handietara eramatea pentsatu nuen orduan, Zinemaldia bezalakoetara, baina hori ere ezinezkoa izan zen. Bitartean jendeak filma ikusteko interesa zuela jakin nuen eta modu honetan egitea erabaki genuen.

Zenbat emanaldi-eskaera jaso dituzue?

-Gutxi batzuk baino ez ditugu webgunean adierazi, baina gehiago daude, eguneratu behar dut ataria. Portland, Chino, San Frantzisko, Champaign, Boston eta New York ditugu dagoeneko. Eta hurrengo urtean Reno eta Boise izango ditugu ziur asko, baina oraindik ez daude zehaztuta.

Euskal komunitateetatik jaso dituzu orain arteko eskaera guztiak?

-Ez, ez dira denak euskal komunitateek antolatutako emanaldiak. San Frantziskon, adibidez, Euskal Herriarekin loturarik ez baina zinemazale batek eskatu du emanaldia. Eta, bai, horrez gain, Euskal Etxeak ere beste emanaldi bat eskatu du. Horrez gain, zenbait unibertsitatek material didaktiko gisa erabili nahi dutela jakin dut... Oso anitza da interesa agertu duen jendea, eta ederra iruditzen zait hori. Polita dabaita ere Euskal Herriarekin loturarik ez duen jende askok interesa agertu izana, lurralde berezia dela uste dutelako. Oso pozgarria da jendea identitate desberdinak mantentzearen garrantziaz iritzia aldatzen ikustea, filma ikusi ostean.

Zenbat emanaldi espero dituzu?

-Oraingoz, datozen zortzi hilabetetan 40 bat izatea espero dugu.

Horren ostean edo horietaz aparte, baina, emanaldiak eskatzeko aukera hor egongo da oraindik, ezta?

-Bai! Zaharkitzen ez den gai bat da filmak aipatzen duena.

Emanaldietara joateko asmorik?

-Ahalik eta gehienetara joatea gustatuko litzaidake, ikus-entzuleekin hitz egitea gauza polita delako. Bidaia horiekin guztiekin lagunduko didan babesle baten bila nabil orain.


DATOZEN EMANALDIAK
* Emanaldiek aurrera egiteko, gutxieneko ikusle kopurua bete behar denez sarrerak ahal bait arinen hartzea eskatzen du zinemagileak.

- Portland, OR. Urriaren 22an. 19:30ean. Lloyd Center 10 & Imax. Antolatzailea: Conserva PDX. Ondoren, Shacksbury sagardoen dastaketa eta Toro Bravo jatetxeko John Gorham-ek prestatuko pintxoak eskainiko dituzte. 58 sarrera saldu behar dira oraindik emanaldia gertatu ahal izateko.

- Champaign, IL. Urriaren 27an . 19:30ean. Art Theater Co-Op. Antolatzailea: Basajauna. 60 sarrera saldu behar dira oraindik emanaldia gertatu ahal izateko.

- San Francisco, CA. Azaroaren 9an. 21:00etan. Opera Plaza Cinema. Antolatzailea: Nickkova. Sguruenik, sagardo eta pintxo dastaketa izango da gero. 65 sarrera saldu behar dira oraindik emanaldia gertatu ahal izateko.

- Chino Hills, CA. Azaroaren 12an. 19:30ean. Chino Hills 18. Antolatzailea: Chino Basque Club. 18 sarrera saldu behar dira oraindik emanaldia gertatu ahal izateko.

- Boston, MA. Azaroan. Eguna, ordua eta lekua zehazteke. Sagardoa dastatu ahal izango da.

- New York Hiria, NY. Azaroan. Eguna, ordua eta lekua zehazteke. Ondoren festa bat izango da Txikito jatetxean.

2016
-Boise (ID), Reno (NV), Baltimore (MD), Washington DC, Miami (FL), Atlanta (GA) eta Vermont
-Eguna, ordua eta lekuak zehazteke

‘Song of the Basques’ ikusi nahi?
- Zeure inguruan filmaren emanaldirik ote dagoen begiratu Gathr-en webgunean
- Abisuak jaso ditzakezu, zeure inguruan emanaldiak antolatzen direnean jakinaren gainean egoteko
- Zerorrek eska dezakezu emanaldi bat

Kasu horretan:

1.- Eskatu emanaldia
2.- Gathr-ek, zinema aretoa bilatu eta kontaktatu ostean, salgai jartzen ditu sarrerak
3.- Gutxieneko ikusle kopurua lortzen ez bada, sarrera eskatu dutenek ez dute ezer ordainduko (ezta emanaldia eskatu duen lagunak ere)

Anima zaitez, beraz.

Informazio gehiago:
http://www.basquefilm.com
https://gathr.us



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia