euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Emekiro, sei euskal idazleen ipuinekin, Herbehereak euskal kulturaz busti nahi ditu Zirimiri Press argitaletxeak

2011/02/10

'Emekiro' liburua Zirimiri Press argitaletxearen lehen lana da (argazkia CRicharte-Zirimiri)
'Emekiro' liburua Zirimiri Press argitaletxearen lehen lana da (argazkia CRicharte-Zirimiri)

PUBLIZITATEA

Kalean da, Herbehereetako liburudendetan, Zirimiri Press argitaletxearen lehen liburua, 'Emekiro', sei euskal emakume idazleren ipuin bilduma, euskaratik zuzenean neerlanderara itzulia. Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Jasone Osoro, Eider Rodriguez, Katixa Agirre eta Kristina Goikoetxea dira idazleak, seiak ala seiak 1970az geroztik jaiotakoak. Herbehereetan hizkuntza txikien literatura eta kultura ezagutaraztea da argitaletxe gaztearen helburua, emeki-emeki, ia konturatu gabe bustitzera heltzen den zirimiria bezala. Ekimenaren atzean Madrilgo Euskal Etxean euskara ikasi zuen Henrike Olasolo, eta bere emaztea Cristina Richarte daude.

Amsterdam, Herbehereak. 'Emekiro' ipuin bildumarekin egin du aurkezpena Herbehereetan Zirimiri Press argitaletxeak. Herbehereetan ezezaguna den euskal literaturaren berri emateko, sei euskal emakume idazleren lana aukeratu dute Zirimiriko Henrike Olasolok eta Cristina Richartek. "Hemen ez dago euskal komunitaterik, ez eta euskal etxerik ere. Ez dute Euskal Herria apenas ezagutzen. Holandesentzat Espainia oso maskulinoa denez, guk Euskal Herriaren irudia emateko emakumeak eta euren literatura aukeratu ditugu", azaldu dio EuskalKultura.com-i Olasolok. Datozen hilabeteetan Laura Mintegiren 'Sisifo maiteminez' argitaratu nahi dute. 

"Azken boladan emakumeen lana oso garrantzitsua da, lehen ez zegoen hainbeste emakume idazle", gehitzen du Olasolok. Sei idazleak 1970az geroztik jaiotakoak dira, baina ez dute haiek deskribatzeko belaunaldi hitza erabili nahi izan. "Oso desberdinak dira, baina egia da ipuinek amankomunean badutela zerbait: istorio pertsonalak dira, intimitate kutsu bat dute. Pertsonaien momentu intimo bat aurkezten dute, bizitzaren benekotasunari buruz hausnarketa erabakiorra egiten duteneko momentua", dio Olasolok.

zirimiri press

[Ezker-eskuin Cristina Richarte, Karmele Jaio, Eider Rodriguez, Uxue Alberdi eta Henrike Olasolo. Liburua Amsterdameko Perdu aretoan aurkeztu zuten (argazkia Lander Garro)]

Madrildarra eta holandarra euskaldun

Liburuak biltzen dituen ipuinen izenburuei dagokienez, Uxue Alberdiren 'Oihua' eta 'Gurutzegrama', Jasone Osororen 'Dordokak, Plantxa eta Tatuajea', Eider Rodriguezen 'Nahiago nuke gezurrik ez esan' eta 'Hagina', Katixa Agirreren 'Hosting' eta Kristina Goikoetxearen 'Afrikaans brood' eta 'Schuim' biltzen ditu liburuak. Azken egilea, "Kristina Goikoetxea, Herbeheretan bizi eta neerlanderaz idazten duen euskal idazle bat da. Bere lana zubi bat da Euskal Herriaren eta Herbehereen artean", azaltzen du Olasolok.

Ipuinen itzultzaile lanetan Olasolo bera eta Peter Smaardijk holandarra ibili dira. Smaardijk-ek Rudolf de Rijk euskaltzain holandarrak Leiden-eko Unibertsitatean ematen zituen klaseetan ikasi zuen euskaraz. Olasoloren kasua ere nahiko berezia da. Madrilen jaio zen baina aita euskalduna zuen (Etxebarriko bizkaitarra) eta etxean entzundakoarekin eta geroago Madrileko Euskal Etxean jasotako klaseekin ikasi zuen euskaraz.

Herbehereak emeki-emeki bustiz

Duela zortzi urte bizi da Olasolo Amsterdam-en, Cristina Richarte emaztearekin. "Euskal Herria betidanik maite izan dut, eta Euskal Herriaren inguruan zerbait egin nahi nuen. Emaztea Elx-en jaioa da, Herrialde Katalanetan, eta katalunari kulturari buruzko zerbait egin nahi zuen. Hortik dator argitaletxearen bidez hizkuntza txikien literatura eta saiaketa ezagutarazteko nahia", azaltzen du.

Zirimiri izenaren aukera argi zuten biek. "Zirimiri neerlanderaz motregen esaten da, erraz ulertzen den kontzeptua da. Horixe egin nahi dugu guk, poliki-poliki erortzen den euriak bezala, Herbehereak euskal kulturaz bustitzea", diosku. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia