Uztailaren 25ean lurreratu ziren Mar del Platako Denak Bat euskal etxeko 26 gazte Euskal Herrian eta ordutik aurrera ez dira batere gelditu. Euren lehenengo emanaldia dagoeneko eman dute. Getxon, bigarrena gaur bertan izango da Zubietan eta programa Gorlizen eta Hendaian eskainitakoekin osatuko da. Bitartean, Euskal Herriko hiri nagusiak eta leku adierazgarrienak bisitatzen ari da talde argentinarra.
Amoroto, Bizkaia. Bi aste pasako ditu Euskal Herrian Mar del Platako hogeita sei dantzari eta musikarik osatutako taldeak, euren arbasoen lurra ezagutu, gazte euskaldunekin esperientziak trukatu baina batez ere aspaldiko amets bat betetzen: Euskal Herrian bertan Argentinan ikasitako euskal dantzak harro erakustea.
Izan ere, bost emanaldiko programa beteko dute gazteek bisitatuko dituzten tokiko jaiekin bat eginez. Lehenengo aurkezpena Getxoko Paella Lehiaketan izan zen, uztailaren 25ean, eta bertan Ezpata Dantza taularatu zuten zuzeneko musikarekin. “Gure ahoskera entzun arte ez ziren konturatu argentinarrok ginenik”, adierazi dute Beti Alai-ko lagunek.
Datozen emanaldiei dagokienez, hona data eta lekuak:
-Uztailaren 31an, gaur, Zubietan, arratsaldeko 7etan;
-Abuztuaren 5ean, Gorlizen, goizeko 11etan;
-Abuztuaren 8an, Hendaiako Plazan, arratsaldeko 6:30etan, bertako Akelarre taldearekin;
-Abuztuaren 9an, Hendaiako Plazan, arratsaldean, dantza biribilak.
Txango eta bisitak
Euskal Herriko publikoarentzat dantzatzeko ametsarekin batera, beste bat ere beteko dute mardelplatatarrek. Izan ere, eta Uzturre Munduan programaren eskutik, euren arbasoen herrialdeko hiri eta leku garrantzitsuenak ezagutzen ari dira. Taldeko zuzendaria den Ignacio Orejak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Uzturre Munduan programaren xedea da mundu osoko euskaldunen artean loturak sortu eta sendotzea. Eta Argentinako euskal etxeekin hasi dira. Koldo Bilbao da Uzturre Gazte Bilgune kultur elkarteko presidentea eta berari esker lortu genuen udaletxeak, Lehendakaritza, Legebiltzarra eta Guggenheim ezagutzeko aukera”.
‘Bai, nahi dut’ Mundakan
Baina dudarik gabe egun hauetan Mar del Plata/Euskal Herritik iritsi zaigun berri bitxi eta politena ezkontzari buruzkoa da. Beti Alai dantza taldeko Amaia Mujica Vicentek eta Valentin Cruz Ortigosak baietza emango diote elkarri non eta Mundakan. Zeremonia bihar da, Santa Katalina ermitan, taldeko beste dantzariak lagun. Zorion bero-beroak, bikote!