Vitoria-Gasteiz. Helburuak argi daude, baina berez ez da lan erraza mundu mailan eta internet baliatuz munduko euskal jendearen eta euskaltzaleen sare edo gune bilgarri sendo eta eraginkor bat sortzea, sinergiak bilduz. Gogora ditzagun EuskoSare bezalako saiakerak, edo Basque Global Network bera, orain urrats berri bat emanez birfundatu eta HanHemen gisa apustu eraberrituta datorkiguna, erabakita lehen pausoa, munduan dauden euskaldunei galdetzea dela: zein den euren egoera, nola ikusten duten, zer nahiko luketen, nola bideratu... datu horiekin markoa eta tresnak finkatu eta eraikitzen hasi ahal izateko.
Diasporako euskalduna bazara, honek guztiak axola dizu, honelako ekimen batek aurrera egitea guztion onura baita. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez dagoen inkesta bat prestatu dute eta kontaktatu eta parte hartzeko eskabidea egiten dizute. Izena eman eta berehala bidaliko dizute inkesta, zeure iritzi eta ikusmoldeak ager ditzazun gure diasporaz. Diasporarekin harremana duen edonork har dezake parte eta doan da. Zure iritziak irakurri eta kontuan hartuko dituztela euskal diasporaren argazkia egin eta planak martxan jartzerakoan agintzen dizute.
Eusko Jaurlaritzak sostengatzen duen HanHemen ekimen berriak kanpoan dauden euskaldunak oro hartuko ditu aintzakotzat: tradizionalki euskal etxe eta elkarteen inguruan mugitu izan diren euskal komunitateak, eta baita ere egungo euskal emigrazio joera berrien arabera mugitzen direnak, euretako asko gazte profesionalak, askotan euskal etxerik ez dagoen lekuetara bizitzera doazenak, baina munduan milaka izanik Euskal Herriarekiko loturei eutsi nahi dietenak.
Inkestan parte hartzen duten pertsonek, HanHemen-eko logoa daraman 10 kit-en (jertsea, koadernoak, kantinplora, katilua, boligrafoa...) zozketan parte hartzeko aukera izango dute.