Buenos Aires, Argentina. Ordu gutxi barru, Argentinako euskal etxe ugaritan Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, ospatzen hasiko dira. Ikusgarritasunaren, eskubideen aldarrikapena, hausnarketa eta ekintzaren eguna izango da. Eta, hain zuzen ere, asko dira data ospatzeko, elkarteek antolatutako ekitaldiak. Jarraian, gure erredakzioraino heldu diren deietako batzuk bildu ditugu.
— Arrecifes. Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak omenezko jardunaldi pedagogiko eta ludiko bat burutuko du ostiral honetan, martxoaren 7an, arratsaldeko 18etan. Euren jardun-arloetan nabarmendu diren euskal jatorriko emakumeen inguruan lan egingo dute haur eta nerabeek. Esaldiak eta aipuak hautatuko dituzte, haien irudiak bilatuko, koloreztatu eta markoztatuko dituzte. Lanaren emaitza EEko hainbat gunetan egongo da ikusgai, etxean dabiltzanek ikus dezaten.
— Azul. "Gure Txokoa" Euskal Etxeak bi jarduerarekin egingo du bat Emakumearen Nazioarteko Egunarekin. Martxoaren 8an, arratsaldeko 19etan, Ronco kaleko 675a hausnarketagune zango da. "La mirada de Ana María De Benedictis" izenpean Azulgo Sail Judizialeko arlo zibil eta komertzialean Apelazio Ganberako epaile ohia eta literaturan ere ibilia den Ana María Benedictis gidari. Halaber, Emakunde - Emakumearen Euskal Erakundeak egindako "Begiradak eraldatzen" kanpaina grafikoa erakutsiko dute. Amaieran, pintxo eta edariak partekatuko. Martxoaren 23an, igandea, Maite Alberdi zinegile txiletarrak zuzendutako "El lugar de la otra" filma proiektatuko da.
— Bolivar. Nafar Etxean martxoaren 8ko ospakizuna bikoitza izango da. Izan ere, Emakumearen Nazioarteko Egunaz gain, elkartearen 71. urteurrena ospatuko baitute. Afari berezia egingo dute larunbatean, 21etan, Nafar Etxearen egoitzan (Venezuela hiribidea 166). Elkarteko dantza taldeak erakustaldia eskaini eta Raíces Navarras abesbatzak ere emanaldia egingo du. Aitorpena egingo zaie emakumeei, eta zozketak egingo dira bertaratutakoen artean. "Badakigu 150 bat lagun bertaratuko direla. Beti harritzen gaitu, onerako, Bolivarreko komunitatearen sostenguak. Eskertuta gaude berarekin oso, baita Nafarroako Gobernuarekin ere, Argentinako nafar etxeen alde egiten duen guztiagatik ", adierazi dio EuskalKultura.eus-i Bolivarreko Nafar Etxeko lehendakari Mariana Sardon-ek.
— Buenos Aires. Euskaltzaleak elkarteak 2025eko lehen Topaketan, Emakumearen Nazioarteko Egunaren karietara egingo du, "Euskal emakumeak historian: beharrezko ibilbidea" hitzaldia eskainiz, Nazareth Pucciarelli hizlari. Martxoaren 7an izango da, ostiralean, 19:30ean, Bernardo de Irigoyen 826 kalean duen egoitzan. Amaieran, ohiko pintxo bikainen 2025 denboraldiaren inaugurazioa!
— Buenos Aires. Laurak Bat Euskal Etxeak birtualki ospatuko du M8a. Euren sareetan esteka bat zabalduko dute, ostiralean bertan aktibatu eta weborriko Generoa eta Berdintasuna ataleko argitalpen berezi batera bideratuko duena. Argitalpen horretan, gaiaren inguruko materiala aurkitu ahal izango da: artikuluak, elkarrizketak, historia pixka bat, testigantzak, estatistikak, etab.
— Córdoba. Gerora Kultur Elkarteak ere birtualki egingo du bat M8aren ospakizunarekin, bere sare sozialetan emakumeak euskal letretan, XV. mendeko emakume poetak eta Itxaro Borda euskal idazlearen obran oinarritutako argitalpen batekin.
— Chacabuco. Guillermo Larregui Euskal Etxeak Emakumearen Eguneko Euskal Ibilaldiaren bigarren ediziorako gonbitea luzatu du. Martxoaren 15ean izango da, larunbata, 17:30ean abiatuko dira eta hiriko 18 kaletan zehar ibiliko. Profesionalek berotzeko ariketak gidatuko dituzte, dantzarako mugimenduak eta luzamenduak ere eginez. Horrez gain, elkartearen egoitzan aisialdirako proposamen alternatiboak eskainiko dituzte eta askaria partekatuko dute.
— Chivilcoy. Beti Aurrera Euskal Etxeak ere Emakumearen Ibilaldi batekin ospatuko du eguna, larunbatean, martxoaren 8an. 15etan abiatuko dira Euskal Etxe ondoko Gernika Plazatik (Palemón Huergo eta Hijas de la Misericordia), eta ibilbidea egingo dute auzoan barrena. Amaieran, mateada bat partekatuko dute Euskal Etxean.
— Gral Rodríguez. Martxoaren 8an Mauro García intendenteak, Eusko Aterpeko Zuzendaritza Batzordeko kide eta fundatzaile den Susana H. Echesarreta omenduko du, besteak beste, herriko 'Martín Rodríguez' plaza nagusian egingo den ekitaldian. "Euskal Etxean izan duen ibilbide eta konpromisoagatik, fundatzaile bezala hasi zenetik, eta urteetan zehar, ondorengo zuzendaritza batzordeetan hainbat kargu izan dituelarik. Bere ezaugarriengatik, kolaboratzaile nekaezina izateagatik, eta beti Eusko Aterpearen alde lan egiteko prest egoteagatik " omenduko dutela azaldu dio gure buletin honi Raul Taretto euskal etxe rodrigueztarreko lehendakariak.
— Laprida. Lapridako Lagunen Etxea Euskal Etxeak eta El Mercadillok Emakumearen Eguneko gourmet afari batera gonbidatzen dute martxoaren 15ean, 21etan, Av.Pereyra 118eko egoitzan. Euskal Herriko jaki tipikoak dastatuko dira, Beto Bruno sukaldariak prestatuak, eta Alicia Mendiorozi eta Laprida hirian parte hartu eta Euskal Etxearen historian lankide eta ekarle izan diren emakume guztientzako omenaldia izango da
— Pergamino. Lagun Onak Euskal Etxeak omenaldia egingo dio Elba Puigdemasari, "Euskal Herria bere arima eta bihotzean daraman emakume bati, gurean lan nekaezina egin duen - eta oraindik egiten duen horri. Soslaia baxukoa eta aldarte bikainekoa, beti edozertan eta denekin kolaboratzeko prest", aurkeztu digu Pergaminoko Euskal Etxeko lehendakari Andrea Sabasek. Ekitaldia ostiralean, 7an egingo da, 19:30ean, Lagun Onak elkartearen egoitzan (9 de Julio 835).
— Tandil. Gure Etxeak "Euskal emakumea" hitzaldia eskainiko du, Angeles Pagolaren eskutik, larunbatean, martxoaren 8an, 20etan elkartearen egoitzan. Amaieran, pintxo potea, ospatzen jarraitzeko!
— Villa María. Euzko Etxeak Emakumearen Afari-dantzaldia egingo du ostiralean, martxoaren 7an, 21:30ean, "Euskal Herria" aretoan, egoitzako lehenengo solairuan (Lisandro de la Torre, 33). Dantzaldia, festa eta elkartasun ekitaldia adin guztietako emakumeentzat, dj batek girotuko du.