Nazioarteko aldarrikapenekin bat egiteko urtero antolatzen duen ekintza bere 13. ediziora iritsi da, Villa Marian Martxoaren 8a ospatzeko egiten den aktibitate garrantzitsuenetako bat delarik. Euskal etxeko tailer, klase eta beste ohiko ekintzak, berriz, ostiral honetan hasiko dira, kide eta lagunen arteko bilera batekin.
Villa Maria, Argentina. Proposamen ugari ditu aurten Cordoba probintziako Euzko Etxeak kideei baina batez ere komunitate osoari eskaintzeko. Izan ere, Ismael Martinez de Alegria euskal etxeko lehendakariaren esanetan, etorkizunari begirako euren erronka “gero eta jende gehiagoarengana iristea· da, "inor Euskal Herriko aberastasun kulturaletik kanpo gera ez dadin”.
Kari horretara, dei zabala luzatzen dute euskal etxeko arduradunek ostiral honetan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko. Hitzordua iluntzeko 8etan da, eta topaketaren baitan urtean zehar garatuko diren klase, tailer eta entseguen informazioa aurkeztuko da. Ekintzen programa, hauxe da:
-Euskal Dantzak, "Jai Alai" taldearen eskutik: errepikak, txikien taldea, larunbatetan, arratsaldeko ordu 2etan; ertainen taldea, larunbatetan, arratsaldeko 3etan; gazteen taldea, larunbatetan, arratsaldeko 5etan; helduen taldea, astelehenetan, iluntzeko 8:30etan
-Kantua, “Denak Bat” abesbatza: astelehenetan eta ostegunetan, iluntzeko 8etan
-Euskara klaseak: larunbatetan, arratsaldeko 4etan
-Pilota eskola: larunbatetan, goizeko 10etan. (Pilotalekua, hala ere, astelehenetik larunbatera 11etatik egoten da irekita)
-Musa: astearteetan, iluntzeko 8etan
-Zine zikloa: Hilabete bakoitzeko azken ostegunean, gaueko 9etan. Zikloa apirilean hasiko da
Programa hau urtean zehar egingo diren hainbat ospakizunekin osatuko da. Apirilaren 12an, Aberri Eguneko jaia izango da; uztailean, Sanferminak ospatuko dira; abuztuan, Iñaki Deunaren eguneko omenaldiak; azaroan, Villa Mariako Euskal Kultur Astea; eta abenduan, Euskararen Nazioarteko Eguna.
Informazio gehiago eskuratzeko, kontaktuan jarri behar da euskal etxearekin, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 5etatik 9etara, +54 353 4534400 telefono zenbakira, edo emailez cvascovm@gmail.com helbidera.
Emakumearen Eguna Villa Marian
Azken urteetako tradizioari jarraituz, 2015 honetan ere Euzko Etxeak omenaldia egin zien hiriko emakumeei. Asmo horrekin afaria antolatu zen martxoaren 6an, euskal elkartearen egoitzako Euskal Herria areto nagusian eta Emakumeen Batzordeak antolaturik. Gauean zehar, egunari buruzko hitzak, zozketak eta dantza eta musika ikuskizunak eskaini zizkieten anfitrioiek gonbidatuei. Batzordea egiten ari den umeentzako eskolako tresna bilketan parte hartzera ere deitu zioten euskal etxeko Emakumeek bildutako jendeari. Dohaintzak emateko epea martxoaren 30an bukatuko da.
Euzko Etxea euskal etxea