euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Emakumearen Egunean, hiriko euskal zutabe nagusietako bat den Kela Gorri omendu zuen Pehuajoko Udalak

2015/03/20

Hilda eta kela Gorri ahizpak (euskal etxearen artxiboko argazkia)
Hilda eta kela Gorri ahizpak (euskal etxearen artxiboko argazkia)

PUBLIZITATEA

91 urterekin, oso jarrera aktiboa du Clelia ‘Kela’ Gorrik Pehuajoko Etxe Alai euskal etxean, eta euskal etxearen alde lan egin behar denean. Izan ere, oraindik ere hartzen du parte instituzioko jardueretan eta garrantzi handiko erreferente bihurtu da hiriko euskal gizatalde barnean eta baita areago ere.  

Pehuajó, Argentina. Buenos Aires probintziako Pehuajo hiriak komunitateko emakume nabariak omendu zituen Emakumearen Nazioarteko Eguna dela-eta egindako zeremonia batean. Kultur Idazkaritzak proposaturik, euskal gizataldeko pertsona garrantzitsuenetako bat den Clelia Gorrik jaso zuen aurten saria, “lagun ona, laguntzaile paregabea eta batez ere bizitza eredua izateagatik” emandako saria, azaltzen dute euskal etxeko bere kide eta lagunek..

Ekitaldia joan den martxoaren 8an izan zen, Udal Areto Zurian, eta Kelaren izenean, lagunek eta Hilda bere ahizpak jaso zuten domina.

Clelia Gorri Arrese Arguindegui Aramburu

Kela izengoitiarekin ezaguna den Clelia, Pehuajon jaio zen 1923. urtean, familia euskaldun batean. Magisteritza ikasi eta gero, andereño aritu zen zelaiko eskoletan eta baita Trenque Lauquen eta Pehuajo hirietako eskoletan ere.

Gaztetik hartu du parte Kelak Pehuajoko Etxe Alain. Batzordekide izandakoa da hainbatetan, baita lehendakari ere; izan ere bera lkehendakari zelarik lortyu zuen euskal etxeak Izaera Juridikoa. Euskara ikasle izana da, Euskal Aste Nazionaletan partaidse eta Euskaldunak Bai Bai eta El Olentzero liburuen egile.

Euskal Herrian ere izan zen Etxe Alai euskal etxearen enbaxadore, 1999. urtean, Gipuzkoako Berastegi herrian, Txomin Jakalortexarena apaizari Kelak berak bultzatutako omenaldia egin zitzaionean. Zeremonia herriko kanposantuan egin zen, Berastegiko agintariak partaide.

Euskal etxearen aktibitateen eskaintza zabalduz, Akelarre izeneko yoga taldea sortu zuen elkartearen barruan; eta urteetan, duela bi urte arte arduratu izan da taldeaz. “Gaur, 91 urterekin esan dezakegu uste sendoko emakumea dela”, adierazten dute, harro, euskal etxetik. “Solidarioa, zintzoa, langilea eta borrokalaria ere bada bere ideiak babesteko garaian. Oso buru argia du gainera, eta guk berarengana jo ahal dugu behar dugun bakoitzean”, esan digute. Zorionak, Kela.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia