Mexikoko Euskal Etxeak merezitako omenaldia egin zien iragan azaroaren 28an elkarteko emakumeei: euskal etxea sortu zenetik igarto den mende luze honetan bertan lan egin eta euskal kultura sustatu dutenei, alegia. Festa berezia izan zen, emakumeek antolatuta eta emakumeentzako soilik egina; euskal etxearen oinarri diren emakume nagusi, heldu eta gaztetxoek giro bikainaz gozatu zuten.
Mexiko DF, Mexiko. Ia ehun emakume inguru bildu ziren iragan azaroaren 28an Mexikoko Euskal Etxean egin zen Emakume Alai festara. Ekitaldiaren helburua, izan ere, euskal etxearen ehun eta piko urteetan bertan lan egin eta parte hartu duten emakmeei omenaldia egitea zen.
Itxaropen Palacios izan zen festa antolatzea proposatu zuena, eta berarekin bat egin zuten berehala Miren Aguirrek eta Itziar Urquiolak. Hiruen artean antolatu dute festa, baina elkarteko beste emakumeek ere gogotsu parte hartu dute antolakuntzan eta azken asteetako entseguetan. "Festa oso alaia izan zen eta hunkituta gogoratu genituen euskal etxean pasa izan ditugun momentu eta oroitzapen bikainak", azaldu dio Itxaropenek EuskalKultura.com-i.
Omenaldiko une hunkigarrienetako bat Itziar Urquiolak hitza hartu eta euskal etxearen bizitzan parte hartu dituen emakume guztiak gogoratu zituenekoa izan zen. Horrez gain, elkarteko emakumeen argazki historiko eta gaur egunekoak erakutsi ziren, "elkartean marka utzi duten emakumeak omentzeko", azaldu du Palacioesek. Emozioen ostean dibertsioaren ordua heldu zen, dantza erakustaldiekin, moda desfile orijinal batekin eta dantza lehiaketa eta guzti.