euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Emakumea hizkuntzaren transmisore” hizpide gaur Cordoban Hizkuntza Gutxiengotuen XIII. Topaketan, Gerora antolatzaile

2022/12/02

Emakumea da aurtengo protagonista Gerora Elkarteak antolatutako Hizkuntza Gutxiengotuen Topaketan
Emakumea da aurtengo protagonista Gerora Elkarteak antolatutako Hizkuntza Gutxiengotuen Topaketan

PUBLIZITATEA

Cordoba, Argentina. Euskararen Nazioarteko Eguna da bihar eta testuinguru horretan, Hizkuntza Gutxitu eta Gutxiengotuen Topaketaren XIII. edizioa antolatu du gaur abenduaren 2a Cordoban hiriko Gerora Euskal Kultur Elkarteak, Cordobako Unibertsitate Nazionaleko Hizkuntza Fakultatearekin batera. Aurten, “Emakumea hizkuntzaren transmisore” gaiak ekarriko die hizpidea, emakumeak zenbait kultura eta testuinguruetan duen protagonismoa aztertuz.

Sefaradeko (zehatzago, sefaradien: Sefarad, Espainiaren izena da ladinoentzat, 1492an, Espainiatik Errege Katolikoek kanporatutako judutarrak dira sefaradi edo sefardiak, munduan barreitu eta euren garai hartako gaztelania mentendu zutenak), Piamonteko, Armeniako, Poloniako eta bertako euskal komunitateko hizlariak bilduko ditu elkarretaratzeak. Aurtengo edizioan, FEVAko Gabriela Mendia izango da euskal gizataldearen ordezkaria..

Jardunaldia arratsaldeko 6etan hasiko da, Hizkuntza Fakultateko areto nagusian, honako egitarauarekin:

-Ladinoa: “Sefaradi emakumea, legatuaren eramaile eta transmisore”, Sefarad Kultur Etxeko Liliana Benvenisteren eskutik

-Piamontera: “Emakumea eta hizkuntzaren transmisioa”, Andrea Bertarelli eta Humberto Grassiren eskutik

-Armeniera: “Emakume armeniarra: erresistentzia eta transmisio kulturaleko historia”, Cordobako Armeniako Gizataldeko Nora Llopis Khatchikian-en eskutik.

-Poloniera: “Poloniera ama-hizkuntza gisa”, Nowa Poloniako Florentyna Bustos Plonkaren eskutik 

-Euskara: “Emakumea eta euskara”, FEVAko Gabriela Mendiaren eskutik

Gerora Elkartetik, Topaketako antolatzaile den Elba Mocoroak argitu dio Euskalkultura.eus-i poloniera eta armeniera berez hizkuntza gutxituak ez diren arren, diasporan bai direla gutxituak, eta horregatik zaiela hain interesgarria euretan ere emakumeak hizkuntzaren transmisioan duen papera aztertzea.

Gaurko Topaketarekin, Gerora euskal elkarte cordobatarrak urrezko amaiera emango dio aurtengo ikasturteari. Musika eta euskara ardatz hartuta 2022an egin dituzten beste jarduera askoren artean, Mocoroak azpimarratzen ditu Unibertsitateko Hizkuntz Fakultatean eta euskal etxearen egoitzan bertan eman dituzten zazpi euskara ikastaroak, batzuk online eta beste batzuk aurrez aurre.

Gaurko topaketan parte hartzea doakoa da eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.

Programako hitzaldiei erreparatuta, energia positiboa bidali eta bilkurak hain segur ekarriko dizkien truke eta ekarpen oparoez goza dezatela desiratzea besterik ez zaigu geratzen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia