euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Emakume Alai: Mexikoko Euskal Etxeak omenaldia egingo die euskal komunitateko emakumeei

2015/09/18

Mexikoko Euskal Etxea
Mexikoko Euskal Etxea

PUBLIZITATEA

Mexikoko Euskal Etxeak gorriz markatu du egutegian azaroaren 28a, egun horretan egingo baita Emakume Alai izeneko festa. Ekitaldi honetan omenaldia egingo zaie euskal elkartearen bizitzan ekarpena egin duten emakumeei: batzuk zuzendaritzan eta presidente gisa, beste batzuk isilean, baina denak ala denak gogotsu eta euren onena ematen. Festan omenaldia, dantzak, bazkaria eta sorpresa asko egongo dira.

Mexiko DF, Mexiko. Itxaropen Palacios Barinagarrementeriak bota zuen ideia eta euskal etxeko emakume askok bere egin, eta burubelarri jarri dira omenaldia antolatzen. "Nire amak, bere belaunaldiko askok bezala, euskal etxean betidanik parte hartu zuen, Madero kalean zegoenetik. Gogoan dut nola biltzen ziren hilean behin, gaur egungo baliabiderik gabe: mugikorrik ez, autorik ez... Baina hor zeuden beti, euskal etxearen ekitaldietan, eta konturatu gara ez dutela behar bezalako errekonozimendurik izan", azaldu dio Itxaropenek EuskalKultura.com-i.

Azaroaren 28ko festak akats hori zuzenduko du. "Emakume hauek egin zituzten ekitaldiak gogoratzeko topaketa bat egitea bururatu zitzaigun. Eurak eta baita gaur egungoak; Itziar Urquiola eta Miren Aguirre, esaterako, elkarteko zuzendaritzan izan dira, etengabe sustatuz gure sustraiekin zerikusia duen edozer", agertu du.

Festaren egitarauan lanean ari dira, eta gonbitea luzatu diete bertan parte hartu nahi duten emakume guztiei: inoiz euskal etxean ibili diren guztiei, amametatik hasi eta neskatxa gazteetara. Festa Itziar Urquiolaren aurkezpen batekin hasiko da, garai desberdinetan elkartearen bizitzan arrastoa utzi duten bazkideak gogora ekarriz.

Ondoren, partehartzaileek "Maitechu Mia" abestuko dute, "Mexikora etorri ziren gure guraso eta aiton-amonen idealak, sufrimenduak eta gozamenak omenduz", azaldu du Miren Aguirrek. Ondoren, elkarteko emakumeen koruak kantaldia eskainiko du. Festan, hainbat lehiaketa eta jarduera berezi izango dira: euskal dantza lehiaketa, Erreginaren aukeratzea (60. hamarkadan egin zen bezala), moda desfilea (70. hamarkadan egin zena gogoratuz) eta dantza lehiaketa (60. hamarkadako twista, 70.eneko rocka, 80.eneko a gogo, eta abar).

Ekitaldiaren helburu nagusienetako bat, Euskal Etxeko emakumeei omenaldia egiteaz gain, zera da: belaunaldi berriko neskatila gazteei erakustea emakumeak aktiboak izan direla hastapenetatik Euskal Etxearen bizitzan eta gazteen parte hartzea etorkizunerako oso garrantzitsua izango dela.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia