euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Emak Bakia baita" dokumentala Chiapasen, San Frantziskon eta Vancouverren izango da maiatzean

2013/04/18

"Emak Bakia baita" filmaren irudi bat
"Emak Bakia baita" filmaren irudi bat

PUBLIZITATEA

Nazioartean ibilbide arrakastatsua egiten ari da Oskar Alegria zuzendari nafarraren "Emak Bakia baita" dokumentala. Madrilgo Mataderoko Cinematecan emanaldi jendetsuak egin dira eta bihar Bilboko Alhondigan aurkeztuko du Alegriak, Harkaitz Cano idazlearekin batera, Gutun Zuria Letren Jaialdiaren baitan. Maiatzean, nazioartean bidea egiten jarraituko du: Chiapas, San Frantzisko, Vancouver eta berriz ere San Frantziskon, oraingoan Basque Cultural Center-en.

Iruñea, Nafarroa. Harrera bikaina ari da izaten nazioarteko zinemaldietan eta aretoetan Oskar Alegria zuzendari nafarraren "Emak Bakia baita" dokumentala. Film zinez berezia da hau, eta kritika bikainak bildu ditu nazioartean. Man Ray argazkilariak Lapurdiko kostaldean zuen Emak Bakia izeneko etxe misteriotsuaren bilaketa da dokumentalaren haria, baina horren inguruan, makina bat galdera, ideia eta irudi poetiko ehuntzen ditu zuzendariak.

Euskal Herrian filma ikusteko bi aukera izango dira aurki. Batetik, bihar bertan Bilboko Alhondigan aurkeztuko du Oskar Alegriak berak, Gutun Zuria Letren Jaialdiaren baitan egingo den emanaldian. Arratsaldeko 20:00tan izango da eta Harkaitz Cano idazleak parte hartuko du.

Egun horretan bertan ere, Madrilgo Matadero kultur guneko Cinematecan emango dute dokumentala, han egiten ari diren emanaldi berezien baitan. Azken lau emanaldiak biharkoa eta apirilaren 25 eta 26koak eta maiatzaren 3koa izango dira. "Euskal Etxeko lagun asko hurbildu ziren pasa den asteko emanaldietara, eta baita Madrilen bizi diren euskaldun asko ere", azaldu dio EuskalKultura.com-i Oskar Alegriak.

Apirilaren 24ean filma Donostiako Koldo Mitxelenenan izango da ikusgai, euskaraz.

Ameriketara maiatzean

Donostiatik Ameriketara jauzi egingo du Alegriaren lan poetiko eta surrelista honek. Apirilaren 26tik maiatzaren 2a bitartean Mexikon izango da ikusgai, Chiapaseko San Cristobal de las Casas hiriko Festival Ambulante edo Jaialdi Ibiltaria delakoan.

Handik Estatu Batuetara joango da dokumentala, San Frantziskora, hain zuzen, San Francisco International Film Festival zinemaldian parte hartzera. Sail Ofizialerako aukeratua izan da. Emanaldiak maiatzaren 4, 6 eta 9an izango dira (datu gehiago, hemen). AEBetatik Kanadara izango da hurrengo jauzia, maiatzaren 10ean Vancouver hiriko DOXA Documentary Film Festival delakoan parte hartzeko (emanaldiari buruzko datuak, hemen).

Amaitzeko, maiatzaren 17an San Frantziskora itzuliko dira Alegria eta bere filma, Basque Cultural Center euskal etxean emanaldi berezi bat egitera. "Philippe Acheritogarayrekin batera BCC-en emanaldia antolatu egin dugu, gure kabuz", azaldu du Alegriak. Vancouverreko Zazpiak Bat euskal etxearekin harremanetan jartzen saiatu dira ere, antzeko zerbait egiteko, baina orain arte ez dute lortu.

Eta gero Ecuador, Lima, Tel Aviv, Sydney...

Halarik ere, zuzendaria prest agertu da filma aurkezten den lekuetan bertako euskaldunekin emanaldi bereziak antolatzeko, beraz, adi hurrengo hitzorduetara. "Gero etorriko dira Ecuador, Lima, Varsovia, Galway, Tel Aviv, Sidney... Ai, ene, Lapurdin hasi ginenean ezin horrelakorik imajinatu!", amaitu du Alegriak.

"Emak Bakia baita" filmaren emanaldiei buruzko informazio eguneratua, dokumentalaren webgunean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia