euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Emaitza baliagarriak Hamaika Bidek antolaturik Donostian bukatu berri den Erbesteari buruzko Nazioarteko Mintegian

2007/10/23

Luis de Llera, José Angel Ascunce eta Manuel Aznar Soler hizlariak jardunaldietan (argazkia Hamaika Bide)
Luis de Llera, José Angel Ascunce eta Manuel Aznar Soler hizlariak jardunaldietan (argazkia Hamaika Bide)

PUBLIZITATEA

Hamaika Bide elkarteak joan den astean Donostian egin zuen Erbesteari buruzko Nazioarteko Mintegiaren balioespen positiboa egin du. Topaketan hainbat herrialdetako hogeita hamar bat adituk hartu zuten parte, jardunaldietara bildu ziren ikasle eta entzuleez gain. Mintegiaren agiriak urte bukaera aurretik argitaratuko dituzte Deustuko Unibertsitatearekin. Bestalde, ekimena beste herrialdeetara 'esportatuko' dute: 2008ko irailean Ingalaterran erbeste errepublikarrari buruzko mintegia antolatuko du Donostiako topaketan parte hartu duen Birminghameko Unibertsitateko taldeak.
Hamaika Bide Elkarteko arduradunak gustura agertu dira Erbesteari buruzko 8. Nazioarteko Mintegiaren emaitzarekin. 'Edizio hau aurrekoak baino akademikoagoa izan da, batez ere terminologiari buruzko eztabaidan', azaldu dio EuskalKultura.com-i Hamaika Bideko kide Jose Ramon Zabalak. 'Berba batzuei buruzko erabakiak ere hartu ditugu. Adibidez barne erbestea esamoldea alde batera uztea deliberatu dugu: penintsulatik irten gabe frankismoaren aurka jardun zirenen egoera azaltzen du hitzak, baina erbestea herrialdetik kanpo joatea dela uste dugu eta horregatik kontraesana agertzen zuen esamoldeak'.

Alde teknikoago horietaz gain mintegian 36ko gerra aurreko erbesteari buruz ere jardun dira. Zabala bezalako adituen ustetan, erbesteratze hau ere 'oso garrantzitsua izan zen, gerra aurretik joandakoek ondoren helduko zirenentzako bidea prestatu zuelako'. Erbestean biografia interesgarria izan zuten pertsonaia asko hartu dituzte egunotan hizpide Donostian. Zabalak batzuk aipatzen ditu: Juan Goyanarte, Argentinan Faulkner eta Bulgakhov bezalako idazleen lanak plazaratu zituzten argitaletxe eta aldizkarien sortzaile; Sebastián de Amorrortu, Argentinan baita ere; Ramon Belausteguigoitia, Mexikon, edota Tomás Meabe, Ingalaterran.

Beste mintegi bat Ingalaterran

[Goiko irudian Mertxe Acillona, María Bueno eta Mari Karmen Gil Fombellida hizlari jardunaldietan (argazkia Hamaika Bide)]

Mintegiko antolatzaileen beste poz bat ekimen honek atzerrian isla izango duela baieztatzea izan da. 'Bertan parte hartzen duen Birminghameko Unibertsitateko aditu taldeak antzeko topaketa bat egitea erabaki du', aurreratu dio EuskalKultura.com-i Zabalak. 2008ko irailaren 10, 11 eta 12an izango da eta 'Espainiar Erbeste Errepublikarraren Geografiak' izenburua izango du.

'Non zeuden emakumeak?'

Donostiako Mintegiko ponentziak urte bukaera aldera argitaratuko dituzte Deustuko Unibertsitatearen eskutik. Aste honetan bertan, baina, 2005eko Mintegiaren aktak plazaratu dituzte. Emakumeak erbestean izan zuen papera aztertu zuten edizio hartan eta orain argitaratzen den liburuaren izenburua 'Non zeuden emakumeak? La mujer vasca en el exilio de 1936' (Saturraran Argitaletxea, Donostia-2007) izango da.

Informazio gehiago jaso nahi duenak Hamaika Bideren webgunera jo dezake. Bertan aurreko edizioetan azaldutako biografia batzuk daude eskuragarri. 'Urte bukaerarako ia 100 biografia sareratzea espero dugu. Webgunea arlo honetako aditu eta zaleentzat topagunea izatea nahi dugu: lanak bidaltzeko, proposamenak bidaltzeko edota zuzenketak egiteko', bukatzen du Zabalak.


Lotura interesgarriak

Hamaika Bide Elkartearen webgunea
www.hamaikabide.org

Erbesteari buruzko 8. Mintegia
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 17an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia