euskal diaspora eta kultura
2009/09/22
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Euskadik Argentina duen Ordezkari berriak azaldu zuen ato Jaurlaritza berriarekin Kanpo Harremanak ez direla desagertuko, birmoldatuko baizik. "Ezin konprenitzekoa izango zen munduan zehar hainbeste populazio barreiatua edukitzea eta lotura izan daitezkeen baliabideak kentzea, eta euskal etxeen laguntzak kentzea", adierazi zuen.
Kortajarenak oso modu positiboan baloratu zuen euskal etxeen lana eta ahots batzuek euskal etxeekiko dirulaguntzak kendu egingo direla esanez zabaldutako zurrumurruez, hori gezurtatu ta esan zuen "gauza bat dela esaten dena (gobernutik)" eta beste bat "prentsak plazaratzen dituen iritziak, errealitatearekin bat ez datozenak". "Lankidetzekin segitzeko asmotan noa, laguntzen segitzeko eta Euskal Etxeen lana azpimarratzeko" asmotan, eta horri dagokionez elkarrekin lan egingo dutelakoan eta arazorik izango ez duelakoan dagoela, esan zuen. "Ez dago batere arrazoirik eta motiburik enfrentamenturako", gehitu zuen.
Bihar hasiko da lanean Puerto Maderon
Gogoratu zuen egia dela "ideologia jakin bat gobernuan 30 urte egon eta gero, hori aldatu egin dela", baina bere betebeharra, Euskadiko Ordezkari legez, "instituzionala dela: bilgune izatea eta Euskadi eta Argentina sendoago gerturatzea, koordinatzea, lan amankomunen inguruan batzea", sinergiak baliatuz elkarteekin, enbaxadekin, departamentuekin, eta abar. Jakin arazi zuen bere lehenengo lanegunetik --gaur asteartea bere diputatu agiriari uko egin eta hegazkina hartuz abiatuko da Buenos Airesera, bihar asteazkena Puerto Maderoko bulegoan hasteko-- ekingo diela FEVArekiko eta herrialde osoko euskal etxeekinko harremanei, eta lehenengo, aurkezpen gutun bat bidaliko diela Argentinako euskal etxe guztiei.
Hiru ardatz aipatu zituen bere lan ildo nagusi gisa: lehenengoa, euskal etxe eta gizataldeen arloa, hor euskara ikasteko programak, kultura ekintzak eta euskal etxeen gainerako egitasmoak laguntzen segituko dutelarik; bigarrena, Euskadi eta Argentina arteko bilgune eta lokarri bilakatzea, ekimen amankomunak garatuz, enpresa eta merkatal proiektuak lagunduz --"horiek sakonera handia hartuko dute Euskadiko Ordezkaritzaren baitan", esan zuen-- eta egitarau turistikoak puxatuz; eta hirugarrenik, 2010eko Maiatzaren 25a gailur izango duen Argentinar Errepublikaren Bigarren Mendeurreneko ekitaldiekiko euskal ekarpena.
Lopez lehendakaria ez da Euskal Astean izango
Lopez lehendakaria datorren hilabete hondarrean Bahia Blancan gauzatuko den 2009ko Euskal Argentinar Aste Nazionalera joango den ala ez galdetuta --Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxea 110 urte betetzen ari da aurten, eta horregatik eskatu zion FEVAri Euskal Asteko antolatzaile izatea--, esan zuen Patxi Lopezek Diaspora bisitatzeko asmoa daukala, baina ez zuen zehaztu noiz gauzatuko duen hori [geroago, arratsaldez, Alderdi Sozialistako iturriek baieztatu zioten EuskalKultura.com-i Patxi Lopez ez dela aurten Euskal Astera abiatuko, baina Kanpo Harremanetako ordezkaritza bat izango dela bertan].
Ez da hau Elvira Kortajarenak Argentinarekin duen lehenengo harremana edo Argentina bisitatzen duen lehenengo aldia. Politikari gipuzkoarrak atzo azaldu zuenez, 30 bat urte badirela, gizarte zerbitzuen alorreko liburu batzuk argitara eman ondoren Argentina bisitatu zuela, hitzaldi batzuk emanez eta bertako jendeekin harremanak ezarriz. Bisitatu zituen, besteak beste, Tandil, Neuquen, Cordoba, Mendoza eta Buenos Aires, eta urte hauetan guztietan eutsi egin dio Argentinarekiko harremanari. Azken uda honetan bertan, birritan izana da Argentinan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus