euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elvira Kortajarena, Euskadiko ordezkaria: 'Bideokonferentziaz izango dugu Patxi Lopez Bahia Blancan'

2009/10/19

Elvira Kortajarena Iturriotz, Euskadiren Ordezkaria Argentinan (argazkia EuskalKultura.com)
Elvira Kortajarena Iturriotz, Euskadiren Ordezkaria Argentinan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Estreinatu berria Argentinako Euskadiko Ordezkaritzako buru legez, Elvira Kortajarenak baiezkoa eman zion Federico Borras Alcainek Paraná-tik astero gidatzen duen 'Presencia Vasca' irratsaioak solasteko eginiko gonbiteari. Besteak beste, datorren astean Bahia Blancako Euskal Astean izango dela baieztatu, eta Lopez Lehendakaria ere --kasu honetan bideokonferentziaz-- bertaratuko dela esan zuen. Teknologia berriak ahalbidetuko duten presentzia horretaz gain, fisikoki, Kortajarenaz gain, Kanpoko Euskal Komunitateekiko Harremanetarako Zuzendaritzako ordezkaritza bat ere iragarri zuen Euskal Astean, Julian Celaya zuzendaria, eta Andoni Martin teknikaria partaide.

Paraná, Argentina. Argentinara Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzako ardura hartzera etorrarazi zuten arrazoien artean, Elvira Kortajarenak "politikoki duen interesa" aipatzen du lehenik. Baita ere "euskaldunen historiak eta euskal gizataldeak herrialde honi eta oro har Latinoamerikari egin dioten ekarpena"rekiko duen joera. Hirugarren elementu bat izan omen zen, atsegin izan zuela, "horrek guztiak bilgune gisa susta ditzakeen ekimenetan" pentsatzea, "izan Euskaditik hona edo hemendik Euskadira". Kortajarenak funtsezko gisa aipatzen du Argentinan "euskal herritarrak ezaugarri izan dituzten balore eta tradizioak eta euskara eta euskal kultura laguntzen segitzeko" duen borondatea. Pertsona ekimentsu gisa onartzen du bere burua, eta aldi berean garrantzitsua iruditzen zaio indartzea alderdi ekonomikoa eta sostengua ematea euskal enpresei. Eta azkenik "turismo arloko ekintzak" aipatzen ditu, "oinarrizkoak iruditzen baitzaizkit elkar ezagutzeko. Euskal gizataldearekin turismo programaren bat abiarazteko ideia ari naiz lardaskatzen", esan zuen.

-Zerk bultzatu zintuen diputatu izateari utzi eta Argentinara etortzeko?

-Lehenengo eta behin, betidanik izan dut interes handia Lationamerikan gertatzen zen guztiarekiko. Agian aitatxo-ren familiak hona emigratu zuelako, nahiz eta geroago itzuli ziren. Lau legealdi neramatzan diputatu gisa [Gipuzkoako hautetsi Espainiako Parlamentuan] eta hori denbora dezente da [hamalau urte], eta Patxi Lopez Lehendakari bihurtu zenean ni bere taldeko kide nintzen. Gasteizen karguen afera aipatzen hasi zenean, nik Argentinara Eusko Jaurlaritzako ordezkari gisa etorri nahi nuela esan nuen.

-Zer nolako harremana zeneukan aurretik herrialdearekin?

-Lehenengoz ezkondu nintzenean, aitatxo-k Argentinara etortzera gonbidatu gintuen.

-Oroitzapen onak izango dituzu orduan...

-Bereizi egin nintzen lehenengo senarrarengadik... (barreak). Baina oroitzapenak ezinhobeak dira. Senarrak kariño handiz gogoratu behar dira beti.

-Eta itzultzea erabaki zenuen...

-Bai. Baina badago bigarren elementu bat. Liburu bat idatzi nuen --Introduccion al bienestar social (Gizarte ongitasunerako sarbidea)-- eta laupabost urtez udaro etorri nintzen lan horri buruzko hitzaldiak eta mintegiak ematera. Lan sozialaren muinari buruzkoa da, nola gobernatu behar sozialak, bereziki udal mailatik. Arrakastatsua izan zen: 80. hamarkadan 50.000 bat ale saldu zituen.

-Patxi Lopezek 'berregituraketa' aipatu zuen Kanpo Ekintza alorrean. Zuri dagokizunez, eskabide edo gomendioren bat eman al dizu Argentinako zeure lanari aurre egiteko?

-Egin zidan gomendioa ahalik eta eraginkorrena izatea izan zen. Egin izan den lanari balioa ematea eta gaitasuna izatea geroari begiratzen jartzeko, berrikuntzari eusteko eta aurrera egiten segitzeko arestian aipatu bezalako alorretan. Printzipioak eta baloreak lagun izango ditu Lehendakariak bere jardunean, eta baita ere beraz Patxi Lopezekin batera ekipoa osatzen dugunok. Eskabide berezirik ez zidan egin, soilik ahal dudan gogorren eta hobekien lan egin dezadan.

-Zure laneko ardatz Argentinako Euskal Etxeak aipatu zenituen baita ere. Segitzen duzu guztiak bisitatzeko asmoarekin?

-Engaiatu nintzen eta beteko dut hitza. Ostiralean [urriaren 16az ari da] FEVArekin bilduko naiz eta hiruzpalau hilabeteko epean Argentinan dauden euskal etxe guztiak bisitatu nahi ditut. Aurpegiak eta begiak ikusten dituzunean, orduan jabetzen zara jendearen asmoez eta eskakizunez, eta neurri egokia ipintzen diezu lankidetzari eta guztion onerako izan daitezkeen programa amankomunei.

-Zer aldatuko da euskal etxeekiko harremanetan Eusko Jaurlaritzaren zeinu politikoa aldatu eta gero?

-Aurretik esan izan dudanez, ez dut ideologiarik egingo. Horretarako alderdi politikoak daude, eta hori beste esparru bat da. Logikoena da aurretik Euskadirekin harremanak izan dituztenek segi dezaten euren gustuko ideologia izaten, hori norberaren eskubidea baita, eta horretan geure sostengua izango dute beti. Neure helburua Euskadi eta Argentinaren arteko harremanak hobetzea da, hobetzea euskal etxeen presentzia, enpresak eta turismoa.

-Euskal etxeekiko laguntzekin segitzea da asmoa?

-Gauza bat da gauzak beste gisa batez egin nahi izatea, baina Lehendakariak ez du sekula esan euskal etxeekiko dirulaguntza eta sostenguak kenduko direnik, ez eta, jakina, inongo arazorik sortu nahi denik inongo erakunderekin. Egon daitezke, bai, kudeaketa modu desberdinak eta hori ikusten joango gara. Kanpo Ekintzarako idazkariak, Guillermo Echenique, Eusko Legebiltzarraren aurrean agertuko da. Beti esan ohi dut politika marrazten duten elementuetako bat aurrekontu orokorrak direla, kasu honetan Autonomi Erkidegokoak. Horiek lantzen ari gara eta argazki horretan geldituko da agerian zer egingo den eta non ezarriko diren lehentasunak. Bereziki euskal etxeekiko plan eta proiektuak, baina ez soilik euren lagungarri, oro har euskal jatorrizko norbanako guztien lagungarri.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia