euskal diaspora eta kultura
2010/02/17
PUBLIZITATEA
New York, Estatu Batuak. Larunbat goizean, otsailaren 6an, Ellis Islandeko erakusketa estreinatze ekitaldiak uhartean bertan amaituta, goizez ferrya hartuta hara mugitutako jende taldeak Manhattanera itzultzeari ekin zion, itzulera ferrya hartuz jakina, Battery Park-eraino, Manhattango puntu honetatik abiatzen baitira untziak Ellis Island eta Liberty Islandera joateko. Tenperatura baxua zen eta hotza egiten zuen --zer besterik espero zitekeen otsailean eta negu peto-petoan egonda?--, baina jendea pozik zen iragarrita zegoen ekaitza eta elur denboralea Manhattan eta Ellis Islandeko atean gelditu baitziren, inguru oso zabal bat kaltetuz eta blokatuz, baina euskal egitarauko ekitaldiak garatzen ari ziren lekuetaraino iritsi gabe.
Pare bat orduko atsedena hartu ondoren, iluntzeko hitzordua Manhattango Puck Eraikinean zegoen finkatua. Harrera ekitaldi bat zen, gonbitea New Yorkeko Eusko Etxeak eta hirian bertan egoitza duen Estatu Batuetako Euskadiko Ordezkaritzak luzatua, hirira erakusketaren estreinaldiaren karietara etorritakoak errezibitzearren. Partaideetako asko AEB Mendebaldekoak ziren, Kalifornia eta Nevadatik, eta bereziki Idahotik etorriak. Berrehun eta berrogeita hamarrentzako lekua aise bete zen, eta azken orduan lekua lortu nahi izan zutenetako askok gonbidapenak agortuta topatu zituzten.
Gau euskal newyorktarra
Gaua hasteko, pintxoak, harreraldietan izan ohi den moduan jendea zutik elkar agurtzen eta goizeko ekitaldia komentatzen, euskal ardoa, txakolina edo xanpaina hartzen zuten bitartean. Goizeko urduritasunak pasata eta erakusketa dagoeneko abiarazia, gehien lan egindakoak askoz lasaiago zeuden, arrakasta ospatzeko prest. Izan ere, komentarioak positiboak ziren. Momentua izan zen, baita ere, autoritate eta erakusketa arduradunek mikroa hartu eta inaugurazio ondoko solasaldi lasaia eta azken errekonozimenduak eskaintzeko. Eskertzak etorri ziren beraz, konplizitateak aipatu... giro ona eta senidetasuna nagusi, Estatu Batuetako zenbait puntutatik etorritako euskaldunen artean.
Mintzatu ziren Itziar Albisu, New Yorkeko Eusko Etxeko lehendakaria. Euskal etxe honek 100 urte beteko ditu hiru urte barru, eta NABO Biltzarra antolatuko du orduan hirian. Hori gauza berria izango da, sekula ez baita NABO Biltzar bat Ekialdeko kostaldean egin. Horregatik, oraingo arrakasta ikusita eta bidea ikasita, animatu zituen bertan zeudenak eta euren euskal komunitateetako kideak hiru urte barruko ekitaldietara etor zitezen; Julian Celaya, Jaurlaritzako Herritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendaria, eskerrak emanez; Zachary Berhau, New Yorkeko euskal-amerikar petoa, Eusko Etxeko lehendakari ohia eta pasadizo artean New Yorkeko euskaldunen historiaren berri eman zuena; Benan Oregi, Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako teknikaria, isil-isilik baina erakusketaren prozesu osoa barrutik bizi izan duena, aurreko eta ondoko Jaurlaritzekin, behar ziren bultzadak emanez, guztia inaugurazio uneraino ekarri arte; Michael Vogt, euskal jatorrikoa ez zen bakarra, erakusketaren proiektuko zuzendari teknikoa; eta Patty Miller, Boiseko Euskal Museoko zuzendaria eta erakusketa landu eta bideratu duena.
Biotzetik, Martin Goikoetxea... eta Amuma Says No
Umore onak eta atzean utzitako lan egin beharrak eta konpromiso amaituek festa eder bat ekarri zuten, leku dotore batean --Manhattango brick edo adreiluzko eraikin zahar bateko azkeneko pisua, kristalezko sapaia eta guzti--, afaria ere ona, eta giroa berezia, euskal-amerikarra, New Yorken. Giroa ipintzen zerikusia izan zuten Boiseko Biotzetik abesbatzakoek eta Martin Goikoetxea Wyoming-eko bertsolariak hasieran eskainitako tarteek --Biotzetik-ekoak euren kantu euskal amerikarretako selekzio bat eskainiz eta Martinek, trikitilari bat lagun, kopla batzuk, Egun da Santimamiña doinuaz-- baina bereziki afalostean Boisetik etorritako 'Amuma Says No' [Amumak Ezetz Esaten Dau] euskal musika taldekoek. Eurak eman zioten hasiera euskalamerikar moldeko berbena eta dantzaldiari. Baina hau zer den azaltzea baino, hobe iksi eta entzutea, datozen bideoetan.
[Jill Aldape boisetarra buru duen Amuma Says No taldea bere errepertorioko pieza ezagunenetako bat jotzen larunbat gaueko emanaldian Manhattango euskal festan]
[Jota-Fandango, arin-arinak eta euskal dantza tradizionalak AEBetako euskal erromerietako parte dira. Larunbatean Manhattanen azentu bizkaitarragoa izan zuten, AEBetako beste berbena eta talde batzuekin nafarragoa edo baxenafartagoa daukaten bezala]
[Eta gau hartako azkeneko bideoa, 'Maite zaitut'. Pirritx eta Porrotxen kantu hau oso ezaguna da Diasporako festetan, bere 'patata tortila' eta guzti. 'Amuma Says No'koen kasuan euren kantu ikur eta maitatuenetako bat da]
Eta New Yorkeko otsailaren 6-7ko euskal ekitaldiei buruz idatzi dugun sei artikuluko sorta luzea bukatzeko, larunbat gaua utzi eta igandera mugituko gara.
Igande goiza, nahi izan zuenarentzat, euskal meza batekin hasi zen Greenpoint-en, Eusko Etxetik oso hurbil den eliza katoliko batean. Ondoren, Eusko Etxean, Eckford kalean, hemen brunch deitzen duten bazkari moduko hamaiketako eskuzabalari eman zitzaion bidea (brunch, breakfast eta lunch, gosari eta bazkaria hitzen batuketatik dator). Besteak beste Biotzetik koraleko kideak bildu ziren bertara, baita Hego eta Ipar Kaliforniako kideak ere, Euskal Herriko batzuk...
Festa amaiera, kantuz eta 2013ko hitzordua finkatuz
Pertsona ezagunen artean bertaratu ziren, Valerie Arrechea, NABOko lehendakaria; John Ysursa, NABOko sustatzailea; Guillermo Echenique, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia; Julián Celaya, Kanpoko Herritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendaria; Ainhoa Alday, prentsaburua; David H. Bieter, Boiseko alkatea; Patty Miller, Boise Euskal Museoko zuzendaria; Patty Lachiondo, Euskal Museoko lehendakaria; John Bieter, Boise State University-ko Euskal Ikasketa Zentroko irakaslea; Xabier Berrueta, euskal etxeen ordezkaria Jaurlaritzako Euskal Gizataldeen Aholku Batzordean... Batzuk hitz egin zuten, opari trukea egon zen...
Itziar Albisu Eusko Etxeko lehendakariak ausartki gonbidatu zituen berriz ere bertaratutakoak 2013an New Yorken egingo diren NABO Biltzarra eta Eusko Etxearen mendeurreneko ekitaldietara. Askok 'zalantzarik gabe', esan zioten. Boiseko askorentzat hura zen New Yorkeko Eusko Etxean sartzen ziren lehen aldia, eta Sagar Handia zapaltzen zuten aurrenekoa ere. Hona hemen azkeneko bideoa. Musika eta kantua Eusko Etxean.
[Doinu tradizionala Mary Guerricabeitia eta bere lagunek, Coro Gil Goitiandia panderoan, Mari Karmen Egurrola eta lagun gehiago kantuz interpretatu zuten. Dantzari ateratzen direnak Jean-Louis eta bere emazte Annie Cihigoyenetche dira]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus