Elko, AEB. Koronabirusak eragindako egoeraren aurrean, eta segurtasun neurri zorrotzak ugaltzen eta zorrozten ari direla mundu osoan, Elkon joan den asteburuan egin zuten Sheepherder's Ball dantzaldia eta NABO Mus Txapelketa Estatu Batuetako eta munduko euskal etxeetan ere bolada baterako egin den azken elkarretaratze jendetsua izan direla jotzen da. Egun horretan bertan San Frantziskon egin beharreko Bertsolari Omenaldia bertan behera erori zen, eta geroztik bata bestearen ondotik etorri dira kantzelazio eta bertan behera uzteak.
Elkoko azkeneko ekitaldi hau aipatzearren, arrakastatsua izan zen oso, eta Sheepherder's Ball (artzainen dantzaldia) delako besta eta dantzaldiak jende andana polita bildu zuen larunbatean Elkoko Euskal Etxearen egoitzara, ez Elkokoak bakarrik, Nevadako inguruko herrietakoak ere baizik eta baita Idaho eta Utah-kotik etorriak ere, kaliforniarren bat ere.
Larunbateko zuzeneko musikaren ardura Amerikanuak taldearen eta Mercedes Mendiveren esku joan zen. Ekitaldian zehar isileko enkanteak ere egin ziren, Artzainen Dantzaldiak beti eman izan baitizkio ateratako etekinak herriko behar-egoera elkartasun proiektu bati, aurtengoan Euskal Etxeko kide den Mike Biers-i eta familiari laguntzea, minbiziaren kontrako borroka eragiten ari zaien gastuetan laguntzearren.
Ezin aipatu gabe utzi Biltoki ohiko Ramon Zugazagak prestaturiko otordua, Elkon errotutako gernikarrak ohi duen gisan ona kalitatez zein kantitatez. Eta igandean, eguna argitu gabe oraindik, Mus Txapelketari ekin zitzaion. Bikote txapeldunak Estatu Batuetako NABO final nazionalean hartuko du parte. Elkon, txapeldunak Mayie eta Etienne Amestoy izan ziren, eta bigarren Jean-Jules Flesher eta Josette Iribarne Lazcano. Koronabirusaren egoerak zapuzten ez badu, ekainaren 20an jokatuko da AEBetako finala Kaliforniako Los Banos-en, Eta hor txapeldun ateratzen dena, munduko finalera joango da urrian Montevideora.
-Ikus larunbateko ekitaldiko bideo labur bat, hemen