euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elkoko Euskal Jaia igandean parkean ospatutako piknik-arekin amaitu zen, aurten berriz ere 'entzierroa' eta guzti

2011/07/07

Elkoko euskal jaien 2011ko edizioa, aurten entzierroa berreskuratuta (argazkia RossAnderson/ElkoDaily)
Elkoko euskal jaien 2011ko edizioa, aurten entzierroa berreskuratuta (argazkia RossAnderson/ElkoDaily)

PUBLIZITATEA

Nevadan, Elkoko euskal festa bere 48. ediziora iritsi da joan den asteburuan. Urte berezia izan da, hiru urtez festak zezenik gabe egin ondoren aurten zezenak ekarri baitituzte berriz ere eta 'entzierro' berreskuratuak eman dio, izan ere, hasiera ostiral arratsaldean jaiaren programa osoari. Herri osoan zehar “Got Bulls” (Zezenak bai?) leloa zekarren elastikoa zeramatzatenak ikus zitezkeen. Festaren aurtengo titulu edo gaia, berriz, "Besarkada handi bat for our troops" (Besarkada handi bat gure tropei). Nicholas Beitia, marinea bera eta Elkoko Euskal Klubeko lehendakari Fred Beitiaren semea, 'Grand Marshall' izan da kabalkada edo desfilean. Asteburuan zehar izan dira, besteak beste, desfilea, euskal dantzak, euskal jokoen lehiaketak, jota eta irrintzi txapelketak, eskupilota norgehiagokak eta, jakina, baita euskal janari moldea ere.

Elko, AEB. Aurtengo jaialdia bertokoentzat eta kanpokoentzat berezia izan da, duela hiru urte arte arrakasta handia lortu zuen jaietako ekimenetako bat, zezenen 'entzierroa', atzera ekarri baitute antolatzaileek, Elkoko Udala ere lagun, izan ere kanpotar asko erakartzen duen proposamena baita zezenena. Aurtengoan, azoka-lekuan, hemen 'Fairgrounds' deitzen duten lekuan izan da, eta adardunak Kaliforniatik ekarri ditu Dennis Borba zezenkari profesionalak: bost zezen bost, eta azaldu dira, bistan da, euren aurrean korrika aritzeko ausardia, kuraia edo dena delakoa izan dutenak. Baina hau Amerika da, eta hemen, zezenen esparrura sartu baino lehen, antolatzaileek erantzukizuna norberaren gain hartzen duen dokumentua sina-arazten diote parte hartu nahi dutenei, baita ere alkoholemia kontrola pasa-arazten. Helduentzako entzierro 'serioa'z gain, 8-14 urte bitartekoek izan dute aurten ere eurena, larunbatean, baina artalde baten aurretik lasterka ibiliz, seguruenik adrenalina goititzeko eta sentsazio berriak bizitzeko aski izan duten proposamena. 

Izan ere, festen hasiera edo hemen kick off deitzen dena ostiralean egin ondoren, egitarauko egun nagusia, urtero bezala, larunbata izan zen, goizeko 6:00etan 5 km-ko lasterketarekin hasita, 10:00etan kabalkada edo desfilearekin jarraitzeko. Bero handia lagun izan ohi da Elkoko jaietan, baina horrek ez zuen jendea uxatu eta bertako eta kanpoko ikusleak Elkoko kaleetan ezker-eskuin kokatu ziren, kabalkada ikusteko.

Euskal desfileak --euskal festa eta 4th of July edo Aberri Egun estatubatuarra ospatzen ditu aldi berean-- tropa estatubatuarrak omendu ditu aurten. Horregatik 'Grand Marshall' edo kabalkadako ohorezko lehendakaria gazte bat izan da, normalean adineko jendea izaten baita: batxilergoa gainditu ostean Marineetan sartu eta Iraken zein Afganistanen ibilitako Nicholas G. Beitia elkotarra, Elkoko Euskal Klubeko lehendakari den Fred Beitiaren semea. Desfilean parte hartutako beste batzuk Elko bertako Arinak euskal dantza-taldea, eta aldameneko Utah estatutik etoriak, Triskalariak dantza taldea, Salt Lake City-koa.

Desfilearen ostean jendea azoka-lekura abiatu da. Hor eguerdian hasita eta seiak arte hainbat aktibitate eskaini dira: dantza emankizunak, ardi-txakur txapelketa, euskal herri kirol erakustaldi eta norgehiagokak, haurren ardi-entzierroa, eta pilota jokoak. Leitzatik etorria, Migeltxo Saralegi, bere bi semeekin zen bertan. Larunbat gaueko dantzaldia gaueko 9:00etan hasi zen Chip Stone taldearen musikarekin, ongi hasitako egunari amaiera ona emanez.

Igandearen goizeko 9:00etan pilota joko gehiago izan ziren, eta, 10:00etan ardi-txakur lasterketa. 11:00etan Elkoko Udal Parkean meza, eta ondoren urteroko euskal piknika. Bazkaria prestatzen eta janari-edariak zerbitzatzen euskal etxeko hainbat kide ikus zitezkeen, tartean Ramon Zugazaga, Elkoko Biltoki euskal jatetxeko ugazaba. Bertaratutako jendeak haragi eta arkume gisatua, babarrunak, ogia, paella, entsalada eta postrea dastatu ahal izan dute.

Dantza erakustaldiekin eta Irrintzi eta Jota txapelketekin esan zitzaion hurrengo urtera arte Estatu Batuetan famatuenetakoa den Elkoko euskal jaiari.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia