Elko, AEB. Elkoko konderriak, Nevadan, ez dauka momentuko coronavirus kasurik eta, ostiral goizeko datuen arabera behintzat, bertako Euskal Etxeak, batzuekin eta besteekin kontsultatu ondoren, erabakia izango luke aurrera egitea bihar larunbaterako iragarrita dagoen 'Sheepherder's Ball' ekitaldi tradizionalarekin, aurten gainera bertatik aterako diren etekin guztiak Euskal Etxeko bazkide den Mike Biers-en eta bere familiaren alde, minbiziaren aurka daraman borroka eragiten ari zaizkien gastuen lagungarri izateko.
Hau guztia, esan bezala, ostiral goizeko datuen arabera (momentu honetan Euskal Herrian baino zorzi ordu lehenago).
Urtero antolatzen dute Elkoko euskaldunek 'Artzainen Dantzaldia', herriko biztanle guztientzat klasikoa den jai eta aldi berean elkartasun helburuko saio berezia. Ekitaldia urtero legez Elkoko Euzkaldunak Euskal Etxearen instalazioetan, aire librean eta estalpean egingo da eta ohi bezala musika eta dantza izango ditu, aurtengoan Amerikanuak taldearen erritmo euskal-amerikarren eskutik, baita janari eta edari salmenta eta enkanteak ere, etekin guztiak elkartasunez Euzkaldunak-eko kide den Mike Biers eta bere familiari eskainiak.