euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elkoko Euskal Etxeak Nevadako euskaldunak bilduko ditu asteburuan Basque Festival jaialdiaren 45. edizioan

2008/07/03

Elko Euskal Etxearen 45. Euskal Jaialdiaren kartela (argazkia EuskalKultura.com)
Elko Euskal Etxearen 45. Euskal Jaialdiaren kartela (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Aurten ere Nevadako Elko herriko Euskal Etxeak kolore gorri, berde eta txuriak jantziko ditu Basque Festival jaialdiaren edizio berri batean murgilduz. Jaialdia bihar hasi eta igande bitartean luzatuko da eta AEBetako Mendebaldeko euskaldun eta bisitari asko ekarriko ditu Elkora. Aurten ez dute egingo herria famatu egin duen entzierroa, baina egitarauak hamaika proposamen interesgarri biltzen ditu. Honatx batzuk.

Elko, EEUU. Elkoko Euskal Jaialdiak bihar emango dio hasiera hiru eguneko euskal bestari, Nevadako herri honetako kaleak euskal giroaz betez. Euskal ondarea oso nabarmena da Elkon eta hiriaren pertsonalitatearen parte bat dela ere esan liteke. Zalantzarik gabe 45 urtez ospatu den jaialdi honen ospeak zerikusirik du horretan. Jaialdiak AEBetako udako irudi bitxienetako bat uzten du urtero: makina bat gizon-emakume zezenen aurrean korrika Elkoko kaleetan zehar egiten den entzierro famatuan. Izan ere, San Ferminetan bezala, Elkon ateratzen direnak benetazko zezenak dira. Tamalez, aurten, iaz gertatu zen bezala, ezin izango da entzierrorik egin, antolakuntza arazoak direla eta. Hala ere, Elko AEBetako mendebaldeko euskaldunen topagunea izango da.

Jaialdia bihar bertan hasiko da, AEBetan jai egun nazionala den Uztailaren 4arekin batera. Hori dela eta su artifizialak eta hainbat ekitaldi patriotiko egingo dituzte egunean zehar Elko County Fairgrounds jaiaren gunean. Ateak arratsaldeko seietan irekiko dira eta euskal dantza, harrijasotzaile eta aizkolari erakustaldiekin hasiiko da eguna.

Zortzietan John Ellison Elko Konterriko Komisionatuak irekiera hitzaldia eskainiko du, bisitari eta bertaratu diren agintari eta ordezkariei ongi etorria eginez. Bederatzietan Jovahnna Anderson kantariak “America the Beautiful” kanta abestuko du, II Mundu Gerrako Elkoko beteranoen omenez.

Lasterketa eta dantzaldia

Larunbatean ekitaldiak goizeko zortzietan hasiko dira, euskal etxetik hasiko den 5 kilometrotako lasterketa/ibilaldiarekin.  Hamaiketan herriko kaleetan zehar kalejira egingo da eta eguerdian hasita herri kirol erakustaldia eskainiko dute jaigunean. Gainera Elko eta Spring Creekeko eskoletako neska-mutilek sokatira erronka egingo dute eta artzai txakur erakustaldia egingo da. Egunari bukaera emateko dantzaldia eskainiko du Amuma Says No talde boisetarrak.

Igandean hitzordua goizeko hamaiketan izango da, Main City Parken egingo den meza katolikoan. Ondoren piknika egingo da, dantza, musika eta irrintzi lehiaketa batek animatuta. Jaiari buruzko informazio gehiago jaso nahi izanez gero edo partehartzeko tiketak erosteko, deitu  Jess Lopateguiri (738-7770), Janet Iribarneri (753-8527) edo Flossie Blacki (738-6880). Informazio gehiago, Elko Basque Club elkartean webgunean, hemen.


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia