euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elko sorterrira itzuli da Mercedes Mendive soinujolea eta eskolak eskainiko dizkie doanik euskal etxeko gazteei

2016/03/02

Jim Jausoro eta, bereziki, lagun eta maisu izan zuen Bernardo Yanciren lekukoa hartu eta akordeoiaren haria eten ez daiten nahi du Mertxe Mendivek (Argazkiak: M.M. eta E.E.C.)
Jim Jausoro eta, bereziki, lagun eta maisu izan zuen Bernardo Yanciren lekukoa hartu eta akordeoiaren haria eten ez daiten nahi du Mertxe Mendivek (Argazkiak: M.M. eta E.E.C.)

PUBLIZITATEA

Miami atzean utzita, Fernando Lejardi senar pilotaria kirol profesionaletik erretiroa hartu ostean, Elko jaioterrira (Nevada, AEB) itzuli da Mercedes Mendive soinujole euskalamerikarra senarra eta alabarekin. “Langile nekagaitza” dela diote bere lagunek eta Elkoko Euskal Etxean bere harri koxkorra jartzen hasi da jada, igandero jotzen baitu akordeoia dantzarien entseguetan. Uda ostean, hauspoa jotzen irakatsiko die klubeko kideei musutruke.

Elko, AEB. “Haxeu da gure euskal etxea hobetzen laguntzeko egin dezakedan ekarpena”, idatzi zuen Mercedes Mendivek Elkoko Euskal Etxearen Facebook-eko orrian. Irailean hasita, akordeoi eskolak emango ditu doanik, hamar urtetik gorakoentzat. “Badakit zuetariko askok seme-alaba gazteagoak bidali nahiko zenituzkeela, baina ikasle gazteagoek beste erritmo bat daukate eta talde osoak batera eboluzionatzea zailduko luke horrek”, azaldu zuen musikari elkotarrak.

Mendivek ez du oraindik eskolak nola emango dituen erabaki, baina denboraz eman du oharra, interesatuek akordeoi bat topatu ahal izan dezaten. “Ez dut uste hasieratik akordeoi berria erostea gomendagarria denik, seguru behar duzu egon instrumentuari beharrezko orduak emateko prest egongo zarela”, aholkatzen du.

Deia euskal etxeei

Musikariak “hotzikarak” sentitzen dituela dio, Boiseko trikiti ikasleak jotzen entzuten dituenean. Bere ustetan, musika “gure kulturako elementu garrantzitsuenetakoa” da eta “hurrengo belaunaldiei pasatzen ez badiegu, galtzeko arriskuan izango gara”. Euskal Etxe gehiago nahiko lituzke Mendivek ikusi trikitia, akordeoia edota panderoa bere gaztetxoei irakasten. “Ez dut gustuko jaialdi batean aurretik grabatutako musika entzutea, zuzeneko musika entzutea gustatzen zait, musika ikustea dut gustuko”, irizten dio.

Bernardo Yanci gogoan

Bernardo Yanci izan zen Mendiveren irakasle eta "gida” eta, orain, hura hil berria dela, hari lekukoa hartu eta eskolak berak eman behar dituela sentitzen du. “Ez zen soilik nire irakaslea izan, influentzia handia izan zuen nire bizitzan. Akordeoirik gabe nire bizitza erabat desberdina izango zen. Akordeoia, niretzat, bizitza eta poztasuna da, eta hori Beñardori zor diot. Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da niretzat orain ematea eskola hauek. Nik ematen ez baditut, nor egongo da emateko moduan?”.

Lagun zenduaz berbatan, maitasuna eta pasioa darie elkotarraren hitzei eta, Jim Jausoro ere dakar gogora: “Ederki jotzen zuten biek, estiloz eta teknika ederraz, eta hori da gure gazteei irakatsi behar geniekeena. Jakintza hori hurrengo belaunaldiari pasa nahiko nioke". Txantxa aldartean amaitzen du: “Baita nire alabari ere, baina hark ez du erabakitzerik”.

*Eskolak hartu nahi dituenak, Elkoko Euskal Etxearekin sar daiteke harremanetan: Facebook bidez edo webgunearen bidez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia