Marseilla, Frantzia, Hauxe da hitzez hitz Marseillako Euskal Etxeko arduradunek elkartea ezaguarazteko zabaldu duten aurkezpen mezua:
Ez da, ez, ohikoa hemengo Euskaldunek gure sor lekuari doakion lotura behar gorria bezala senditzea gure baitan. Urteak jin, urteak joan, ohartuz goaz pilotan artzera ez dela nahikoa gure euskaltasuna barnago bizitzeko. Urrats horren betetzekotan gira gaur, beren herria ez ahanztekotan hiru lagunen elkartzeari esker, Gure Irratia, Bordeleko Euskal Etxea eta 8 probintziak batasunen sustenguarekin.
2014ko abenduaren 3an, Marseillako Euskal Etxea (MEE) ofizialki sortzen zen (Jaubert karrika, 138), euskal kultur arlo guziak jorratu nahian eta 2015eko abendoko egun batez Euskal Gobernuak berak labela edo kalitateko sormarka eskaini dauku, manifestaldi askoren ondorioz.
Gure ekitaldien zerrenda ez delarik hetsia, hara, nahas-mahas, helburu batzu:
- Euskal kulturari sustapen zabala eta gure hizkuntza erabili,
- Hizkuntza, kantu, soinu, dantza, joko, gure kultura eta jatorrizko tradizioak gauzatzen ahal dituen tresna pedagogikoak irakatsi,
- Euskal etxeen nazioarteko labelarekin sarean aktiboki lan egin,
- Marseilla hiria Eukal Herriari zehazkiago aurkeztu,
- Eta azkenik, MEE-ko oraikoen ala kide berrien artean, elkartasuna eta elgar laguntza garatuz jarraitu.
Hara, hitz laburrez, Marseillako Euskal Etxearen kredoa ala sineste sakona.
Lehen urte hunentzat, euskal kurtsoak antolatu ditugu, astean behin, larunbat arratsaldez, bi orduz, hamalau ikasle (hiru haur) eta borondate oneko hiru erakasle bilduz. Bestalde, Korrika, Euskaldunen munduan barna emigrazioari buruzko hitzaldia, Mucem-eko zinema jaialdia, gure sorterrian ibilaldiak, 8 probintziak batasuneko hamarkada, Berre-ko dantza festibalera «Eguzki loreak» taldearen laguntza, Frantziako pilota openaren kari Patrice Herlax-i sustengua…
Hainbat ekitaldi gure nortasuna edozein muga ororen gainetik zabaltzeko, gogoan barna beti atxikiz euskaradunak girela.
Eskerrik bizienak beraz oroer eta ongi etorri beroena gurekin Marseillako euskal abentura bizi nahi duten guzieri. Marseillan euskaraz bizi !
MEEren izenean
Fernando Zabalza lehendakaria
Stéphan Laplace lehendakari-ordea
Quitterie Thibaudon diruzaina
Christel Poquet idazkaria
Edouard Lefebure, Gexan Ahamendaburu, Isabelle Mendy, Louis Bernat