euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elkarte berri bat onartu du Eusko Jaurlaritzak euskal etxeen erregistrora: St Pierre eta Miquelongo EEa

2017/06/14

Sain Pierre eta Miquelongo Bandera, ikurriñarekin (arg. Shutterstock.com)
Sain Pierre eta Miquelongo Bandera, ikurriñarekin (arg. Shutterstock.com)

PUBLIZITATEA

Euskal Etxeentzako eta Euskal Etxeen federazio eta konfederazioentzako 2017ko dirulaguntza deialdiarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren aste honetako Gobernu Kontseiluak Saint Pierre eta Miquelongo Euskal Etxea onartu du elkarte berritzat eta Euskal Etxeen erregistro ofizialera sartuta, gainerako euskal etxeek dauzkaten eskubide eta obligazioez gozatu ahal izango du aurrerantzean. Ongi etorri saintpierretamiquelondarrak!

Vitoria-Gasteiz. Elkarteak beharrezko paper eta dokumentuak aurkezturik eta legeak markatzen dituen pausoak beterik, Eusko Jaurlaritzak ofizialki onartu eta aintzat hartu zuen atzo Saint Pierre eta Miquelon-go Euskal Etxea eta, beraz, geografikoki Ipar Ameriketan Ternua ondoan dagoen, baina administratiboki Frantziako parte den uhartedi honetako euskal elkartea Euskal Etxeen Erregistro Orokorrean sartuko da datozen egunetan neurri hau EHAA buletin ofizialean argitaratzen denean.

Ez da atzo goizekoa euskal presentzia Saint Pierre eta Miquelonen. Geografikoki Ipar Ameriketan, Ternua ondoan, administrazio aldetik Frantziako Urazaindiko Kolektibitatea, euskaldunen ekarpena bertako historiara ongi islatzen du egitate bitxi batek: Ikurriña, bertako banderako osagai da.

Irudi ezaguna da baita ere St Pierreko frontoia, 1906an mende bat bete zuena. Lehenagoko bat ordezkatu zuen, egurrezkoa, hura hondatu ostean. Saint Pierre hiri erdian kokatzen den frontoi hau da, hain zuzen, bertako Euskal Jaien kokalekua urtero, abuztuan, uhartediko ospakizun garrantzitsuenetako bat, turismo frangoren ekarle; partaideen artean Euskal Herriko pilotari eta kirolari, artista eta musikariak ere inguratu ohi dira festa horretara egitarauko osagai garrantzitsu.

Pilota Liga 1986an sortu zen bertan eta Nazioarteko Pilota Federazioko kide da. Bere aurrekaria, 1952an sortutako "Zazpiak Bat" elkartea da, eta honen aurretik ere beste elkarte pilotazalea ere bazegoen, izen berarekin nonbait. Miquelongo frontoia 1986koa da, MiquelonTarrak elkartea sustatzaile.

Azken urteotan areagotu egin dira Saint Pierre eta Miquelon eta Ipar Amerikako Ekialde kostaldeko euskal etxeen arteko kontaktuak. Euskal Etxearen onarpen ofizialak lagunduko du zalantzarik gabe euskal jarduerak sendotzen uhartedian eta etorkizun hobea segurtatzen bertan garatzen diren euskal ekimenei. Zorionak!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia