euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elkarrizketa egin dio Argia astekariak egun Euskal Herrian den Julieta Gaztañaga antropologo euskal argentinarrari

2018/01/02

Julieta Gaztañagak Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegian aurkitu du euskara ikasteko eta praktikatzeko giroa (arg. Dani Blanco)
Julieta Gaztañagak Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegian aurkitu du euskara ikasteko eta praktikatzeko giroa (arg. Dani Blanco)

PUBLIZITATEA

Antropologoa da Julieta Gaztañaga (Bahia Blanca, Argentina 1977). Familia aldetik ez zitzaion gauza handirik etorri bere euskal jatorriaz, nahiz eta abizenak arbaso euskaldunen jatorria salatzen zuen eta, beraz, beste hamaika kasutan bezala, izena bazuten, baina izana, edukia... bere kasa hasi zen ikasten, Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegian. Hortik ezagutu zuen Gure Esku Dago, eta egun mugimendu honi buruzko landa-lana ari da egiten martxora arte Euskal Herrian. Danele Sarriugartek egin dio elkarrizketa Argian.

Danele Sarriugarte. Antropologoa. Buenos Aireseko unibertsitatean ikasi zuen eta bertan jardun da ikerlari eta irakasle azken hogei urtean. Peronismoko lan politikoa eta militantzia aztertu ditu, eta, gaur egun, Gure Esku Dago mugimenduari buruzko landa-lana egiten dabil buru-belarri.

Hona elkarrizketaren zati hautatu bat. Elkarrizketa osorik, Argia astekarian.

Argentinako euskal diasporari buruzko kontuak ere landu dituzu. Zure abizena ikusita gauza logikoa dirudi, baina interesa ez datorkizu etxetik, ezta?

Euskal abizen bakarra daukat, eta Argentinan beti jartzen digute gaizki. Ez da abizen zaila, baina nahasmena sortu ohi du, eta denetik ipini digute, zuzena izan ezik. Orduan, abizenaren inguruko nahasmena dela-eta, aitak azaldu zigun euskal abizen bat zela, baina kito, ez zigun ezer gehiago esan, ez gintuen inoiz eraman euskal etxe batera, ez baitu halakoetan sinesten. Gaztetxoa nintzela izan nuen euskal munduaren berri, lagunen bitartez, eta, gerora, euskara ikasten hasi nintzen interes linguistiko eta antropologikoa neukalako hizkuntza horretan.

Non aritu zara euskara ikasten?

Euskaltzaleak izeneko euskaltegi batean. Euskal etxe bat da Euskaltzaleak, baina ez da euskal etxe folkloriko bat. Berezia da euskaltegi bat delako, eta euskal munduarekiko maitasuna oso loturik dagoelako hizkuntzarekiko maitasunarekin, zentzu politiko batean. Hori dela-eta, okurritu zitzaidan akaso alor guztiz berri hori txertatu nezakeela nire ikerketa antropologikoan, zeren, peronismoaz guztiz bestelakoa izan arren, Euskaltzaleak loturik dago balio politikoekin, konpromisoarekin, nolabaiteko militantziarekin… Halaxe hasi nintzen diasporako ezker abertzaletasun deritzona ikertzen.

Nola sortu zen Euskaltzaleak, eta nolako jendea bildu ohi zarete?

Argentinako euskal etxe nagusiaren barruan sortu zen Euskaltzaleak, Laurak Bat etxearen barruan. Munduan dagoen euskal etxerik zaharrena da Laurak Bat, 140 urte beteko ditu laster. Edonola ere, Euskaltzaleak instituzio independente bat izan da hasieratik, eta orain bost urte ezarri zuen bere egoitza fisikoa. Euskaltzaleak oso anitza da, generoaren eta maila sozialaren aldetik, eta hautu politiko oso diferenteak dituen jendea dago. Hemengo ezker abertzaletasunarekin bat egin arren, argentinar gisa oso modu diferentean kokatzen dira bazkideak, eta hori oso interesgarria da, bertako ideologia asko bizi direlako han elkarren ondoan. Euskalduntzeari garrantzi handia ematen dionez, badago euskal arbasorik ez duen jendea, baina hizkuntza interesatzen zaiolako hurbildu dena.

Buenos Airesen hasi zinen Gure Esku Dago (GED) mugimendua aztertzen.

Bai. Euskaltegian ikusi genuen Gazta zati bat dokumentala, eta txundituta geratu nintzen, gogora ekarri zidan lan politikoari buruz egin nuen tesia, nahiz eta konparazio guztiz ero eta oso orokorra izan. Lan politikoa egiteko modu artisau hori, pertsonaz pertsona… oihartzunak ekarri zizkidan. Gero, hasi nintzen gaiaz irakurtzen, eta, garaitsu hartan GED mugimenduko kideek parte hartu zuten diaspora osoa elkartzen zen jardueretan, eta iruditu zitzaidan ikertzeko kasu egokia izan zitekeela. Argentinako euskal diasporan espektro politiko osoa biltzen da, eskuinetik ezkerrera, eta harrigarria iruditu zitzaidan nola zetozen denak bat, Argentinako gaiei buruz ari direnean den-denaz eztabaidatzen dute-eta.

Zergatik ote?

Hau nik diot, nire izen-abizenez, baina esango nuke denak alde agertu direla oraindik ez dagoelako hautu loteslerik, ikusi nahi nuke ea zer gertatuko litzatekeen, adibidez, kontsulta bat antolatuko balitz. Edonola ere, oso esanguratsua iruditzen zait, eta horregatik azpimarratu nahi nuke, inork ez duela errefusatu, edo, behinik behin, inork ez duela errefusik adierazi publikoki. Babes lauso hori bezain esanguratsua iruditzen zait inork ez errefusatu izana. Hemen, adibidez, errefusatu da.

(Elkarrizketa osoa irakurtzeko, jo Argiaren webgunera)



Komentarioak

  • Aupa Julieta!

    Oso ondo!!! Pozten gara!!! Gure sostengu osoa daukazu Julieta!!!

    Martin (Donostia), 2018/01/03 05:14

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia