160 bat lagun bildu ziren La Pampa probintzia argentinarreko hiriburuan, bertako Zelaiko Euskal Etxea aurten ospatzen ari den 25. urtebetetzeko bazkarian. Tokiko euskal gizataldeari babesa emateko, FEVAko lehendakariak eta herriko eta probintziako zenbait agintarik ere hartu zuten parte ekitaldian. Omenaldi berezi bat ere egin zitzaien ekitaldien baitan euskal erakundeko lehenengo Zuzendaritza Batzordeko kideei, 25 urte hauetako lehendakariei eta baita euskal etxeko sukaldari eta laguntzaileei ere.
Santa Rosa, Argentina. 25 urte pasatu dira Santa Rosa hiriko Euskal Etxea sortu zutenetik eta elkarteko lagunek jende kopuru polita bildu zuten efemridea behar bezala ospatzeko. Urteurren ekitaldian, instituzioaren sorrera eta iraumenarekin zerikusia izan duten hainbat lagun omendu ziren, tartean Alfredo Otálora buru izan zuen Etxeko lehenengo Zuzendari Batzordea. Instituzioko lehendakari ohiek –Otalora, Jose De Ormaechea, Ricardo Basterra eta Angel Baraybar– eta gaur egun lehendakaria den Valeria Garcia Oyarzabalek oroigarri bana jaso zuten, eta omenaldiaren baitan oroipen hitzak irakurri zituen Delia Sansinaneak Euskal Etxearen sortzaileetakoa izan zen Hector ‘Manucho’ Paz gogora ekartzeko. Gogora dezagun Hector Paz pasa den uztailean hil zela.
Baina agintariek ez ezik, Euskal Etxearen alde lan egiten duten beste hainbat laguntzailek ere jaso zituzten aipamenak; tartean Sergio Lino, Luis Alvarez, Esther De La Mata, Laura Rusos, Blanca Gaia, Jose Antonio Sarasola, Haydee Semper eta Carlos Rincon aipa daitezke.
Euskal Etxetik jakinarazi zaigunez zeremoniari hasiera emateko, Aurreskua dantzatu zuen Macachingo Euzko Alkartasunako Milagros Mujica dantzariak. Horren ostean, Valeria Garcia Oyarzabalek ongietorria eman zien bertaratutakoei eta Hugo Andiazabal ere bildutakoei zuzendu zitzaien FEVAren izenean. Euzko Alkartasuna Euskal Etxeko Iñaki Unamuno lehendakaria, Marcelo Pedehontaa probintziako Lan Idazkariordea eta Martín Maquieyra diputatu nazionala ere partaide izan ziren.
Bazkaria Mauro Funes chefaren esku egon zen eta menuari dagokionez, pintxoak, paella eta brownia izan ziren iazko Gaztemunduko bekan parte hartu zuen sukaldari euskal-argentinar gaztearen proposamena.
Ikurrina ere partaide
Urteurren jaian bezala, hirian abuztuaren 12an ospatu zen Gizataldeen Festan ere egon zen ikurrina, kasu honetan, Zelaiko Euskal Etxeko lehendakariak eramanik. EuskalKultura.com-ekin hizketan, Garcia Oyarzabalek jakinarazi digu Euskal Etxea kontaktuan dagoela herriko beste kolektibitateekin eta azaroaren 26an Immigrantearen Eguna ospatuko dutela, Udalak babestuko duen ekitaldi batean.
Urte amaierako bazkaria ere antolatuko dute euskal santarrosatarrek. Bestalde, Euskal Etxearen buletina ari dira prestatzen. 2017 honetako bigarren zenbakian, Etxearen 25. urteurrena eta San Ignazio jaia izango dira gai nagusiak.