euskal diaspora eta kultura
2009/09/14
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. FEVA Euskal Argentinar Erakundeen Federazioak bere webgunearen bitartez eman du aditzera joan den astean Zuzendaritza Batzordeko kideak egiten ari diren bisiten egitaraua. Honi segituz, Maiatzaren 19an, FEVAko diruzain den Ricardo Basterrak, Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxeko gazteekin batera, Gral. Achako Euzko Txokoa bisitatu zuen eta Luis Obieta erakundeko lehendakari eta batzorde berriko beste kide batzuekin elkartu zen.
Santa Rosako taldeak, FEVAren izenean, material bibliografikoa eta Euskal Herriko mapa bat utzi zituen euskal etxean. 'Aurten berriro egin da ohiko txekor festa –-Fiesta del Ternero-– eta euskal etxeak antolatutako ekintzek leku berezia izan dute jai herrikoi honetan', azaldu du Obietak. 'Horretaz gain, pilotari talde sendo bat sortzen ari da, eta kirol ekintzekin ere hasi gara herriko bi eskoletako ikasleekin. Kulturaren arloan, gogoz ari gara lanean liburutegia martxan jartzeko'.
Macachingo Euzko Alkartasuna
Ekainaren 12an, Basterra bera Macachingo Euzko Alkartasuna-ra gerturatu zen. Ez dezagun ahaztu aurten Macachingo euskal etxea bere 50. urteurrena ari dela ospatzen eta ekainaren 13, 14, eta 15ean Mus Txapelketa Nazionala antolatu zuela.
San Pedro herrira joateko ardura FEVAko idazkari den Marta Abarrateguik eta Felipe Eiheragibel lehendakariak hartu zuten. Duela lau urte sortutako Ongi Etorri Euskal Etxeak antolatutako bileran, Baraderoko euskal komunitateko kideek ere hartu zuten parte. FEVAko ordezkariek Euskal Herriko mapa bat eta Eusko Jaurlaritzaren Conocer Euskalherria agerkaria eman zizkioten San Pedroko taldeari. Beste alde batetik, jakinarazi zioten euskal etxe gazteari FEVAren funtzionamendu, antolakuntza, historia eta gaur egungo egoeraren berri. Bide batez, FEVAren estatutuen kopia bat ere utzi zitzaion Ongi Etorriko batzordeari.
Pergaminoko Lagun Onak eta Victoriako Haritz
Irailaren 1ean, eta plangintzarekin jarraituz, Lagun Onak Euskal Etxe pergaminotarrak FEVAko lehendakari eta idazkarien bisita jaso zuen. Buenos Aires probintziako erakunde honetan ere mapak eta Conocer Euskalherria agerkaria eskuratu zizkioten Abarrateguik eta Eiheragibelek etxeko kideei.
Victoria herria Argentinako Mesopotamian dago kokatuta. Hango euskal komunitateak euskal etxe baten hazia ezarri zuen duela urte pare bat: Haritz Euskal Etxearena. Haraino heldu zen FEVAko lehendakaria irailaren 4an. Kasu honetan Euskal Herriko kultura zabaltzeko materiala uzteaz gain, Eiheragibelek Conocimiento básico de Euskal Herria delako hitzaldia eman zuen.
Concordia eta Concepción del Uruguay
Mintzaldi bera baina Concordian eskaini du Rosarioko euskal etxeko lehendakari ohiak irailaren 10ean; eta 11an, Concepción del Uruguain. Herri bakoitzeko euskal komunitatekoekin solas egin zuen Federazioaren nagusiak eta biei entregatu zien lehen aipatutako materiala.
Xede berberarekin, Carlos Sosa FEVAko batzordekidea Gral. Alvear, Mendoza, San Luis eta Villa Mercedeseko euskal etxeetan izan da pasa den abuztuan eta irailean zehar Viedma, Comodoro Rivadavia, Trelew eta Río Coloradoko euskal erakundeak bisitatuko ditu.
Lotura interesgarriak
FEVA Argentinako Euskal Erakundeen Federazioa
www.fevaonline.org.ar
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus