Argi eta soinu ikuskizun batek inauguratuko du bihar ofizialki Donostia San Sebastian 2016. Antolatzaileek ekitaldiaren datu gutxi argitu dituzte, horrela ikusleak harritu eta emozionatu ahal izateko. Inaugurazio ikuskizunaren arduraduna Hansel Cereza da, la Fura dels Baus antzerki konpainia ezaguneko kide ohia, eta ekitaldian ikusleek parte hartze handia izango dutela aurreratu du. Maria Cristina zubia izango da ekitaldiaren ardatza eta bi ibarretan 50.000 lagun baino gehiago espero dira.
Donostia-San Sebastián. Bihar arratsaldean egingo da Donostia San Sebastian 2016ren inaugurazio ekitaldi ofiziala, 20:00etan, Maria Cristina zubia ardatz izango duelarik. Ekitaldia ikusgarria eta hunkigarria izango omen da, bere zuzendaria artistiko Hansel Cerezaren esanetan. Cereza La Fura del Baus antzerki konpainia ezagunaren sortzaile eta kidea izan zen eta berak sortu du inaugurazio ekitaldiko ikuskizuna.
Ezer gutxi dakigu ekitaldiaren nondik-norakoei buruz, antolatzaileek sekretua gorde nahi dutelako azken uneraino. Badakigu, ordea, 52 elkarte desberdinetako 900 bat lagunek parte hartuko dutela eta 50.000 bat ikusle espero direla, ibaiaren bi aldeetan. Ibaiaren ibarretan lau pantaila erraldoi jarriko dira eta horrela ikusle guztiek gertutik jarraitu ahalko dute ekitaldiaa.
Ikuskizuneko unerik hunkigarrienetako bat Mikel Laboaren "Baga, biga, higa" abestiarekin helduko da. Antolakuntzak abestiaren letra banatuko du 50.000 ikusle horien artean eta denek bat eginik abestuko dute DSS2016ren ikur bihurtu den kantua.
Gaurko ekitaldien egitaraua, hemen.
Biharko ekitaldiak, hemen.
Igandeko ekitaldiak, hemen.