euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elkano eta 'Lehen mundubira': 14 erakusketa birtual ipini ditu ikusgai Elkano Fundazioak Google Arts & Culture-n

2020/12/14

Hamalau begirada zirkumnabigaziori euskal gizartearen ikuspegitik Google Arts & Culture-n
Hamalau begirada zirkumnabigaziori euskal gizartearen ikuspegitik Google Arts & Culture-n

PUBLIZITATEA

Getaria, Gipuzkoa. Elkano Fundazioak hamalau erakusketa birtual jarri ditu Google Arts & Culture plataforman, munduaren lehenbiziko zirkumnabigazioaren bidaia eta bidaia harek munduaren ikuskeran izan zuen eragina azaltzeko xedez. Edukiak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez daude eta, beraz, Googleren kultura-alorraren ekimen horren bidez, nazioartean emango zaie zabalkundea Euskal Herrian Juan Sebastian Elkanoren inguruan sortutako ezagutza berriei eta garai hartako itsas potentzia handienetako bat ziren euskaldunek bidaiari egin zioten ekarpenei. 

Elkano Fundaziotik koordinatu duten erakusketa-multzoa lehen mundubiraren 500. urteurrenaren harira hainbat erakundek eta adituk azken bi urteotan egindako ikerketen emaitza da, tartean Aranzadi Zientzia Elkartea, Bilboko Itsasmuseuma, Euskal Itsas Museoa, Virginia García, Daniel Zulaika, Javier Almazán, Miren Aintzane Eguiluz, Jose Angel Achón  eta Alberto Rodríguez.

Saguarekin atzera-aurrera eginez interesatuek jakin ahal izango dute, adibidez, Erdi Aroan zer ikuskera zuukaten ozeanoaz, garai hartan astronomiaz, medikuntzaz eta itsasontzi teknologikoaz zeuzkaten ezagutzak, eta XVI. mendeko euskal emakumeek zenbaterainoko garrantzia izan zuten, orain artean kontuan hartu ez diren gauzak. Moluketara egindako bigarren bidaian Elkano nola hil zen ere ikus daiteke, eta baita Getariako itsasgizonaren hainbat margolan eta eskultura ere. Patagoniako hegoaldean bizi ziren herrien kulturak eta mundu-ikuskerak ere Elkano Fundazioak diseinatutako edukien parte dira.

Hona Google Arts & Culture-ren 14 erreportajeak:

-Juan Sebastian Elkanoren biografia
-Elkano eta lehenengo mundubira
-Ozeanoa, Elkano aurrerik eta ondotik
-Juan Sebastian Elkanoren urratsen atzetik
-Itsasbazterrean ahaztuak: euskal emakumeak eta itysasoa Juan Sebastian Elkanoren garaian
-Itsasoan kokatzen
-Eskorbutoa eta medikuntza nabigazio handien garaian
-Elkano errepresentatzeko moduak
-Euskaldunak Magallaes-Elkano espedizioan
-Lehenengo Mundubirako zeruak
-Mundubirako itsasontziak
-Heriotzak eta eritasunak lehenengo mundubiran
-500 urte mundu berean eta 100 zeru beraren pean
-Magallaesen espedizioa eta lehenengo mundubira



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia