Getaria, Gipuzkoa. Elkanok munduari lehenengo aldiz bira eman zioneko 500. urteurrenean, hainbat ekimen eta proiektu aurrera eraman ditu Elkano Fundazioak. Oraingo honetan, Etxepare Euskal Institutuarekin eta Iberoamerikar Estatuen Erakundearekin (OEI) batera, bi jarduerako 'Elkano Esperientzia' n parte hartzeko gonbidapena luzatzen du. Izan ere, ibilbide birtual bat eta elkarrizketa birtual bat antolatu dituzte, publikoari irekiak eta historian izandako mugarri horren gaurkotasunaz, garrantziaz eta egungo erronkez hausnartzeko aukera paregabea eskainiz.
"Munduari lehen itzulia" izeneko ibilbide birtuala ikusgai dago jadanik, 16 galderatan oinarritua. Galdera horiek munduari egindako lehen itzuliari eta euskaldunek bertan izandako parte-hartzeari, testuinguru historikoari eta horrek eragindako aldaketei buruzko informazioa ematen dute. Esteka honi jarraituz bisita daiteke (Google Arts-ekoa da eta gaztelaniaz baizik ez dugu topatu).
Online egingo duten elkarrizketak "500 urte: kontzientzia planetarioaren eratzea" du ardatz. Hitzordua ostegunean, irailak 16, da gaueko 10ean (Euskal Herriko ordua, arratsaldeko 5ean Argentinan eta Txilen). Topaketan Alvaro Aragón-ek (UPV/EHUko Erdi Aroko, Modernoko eta Amerikako Historia Saileko irakasle agregatua), Nelson Aguilerak (Txileko Unibertsitate Australeko antropologoa), María Amelia Melladok (Txileko Unibertsitate Australeko antropologoa) eta Julieta Gaztañagak (Zientzia Antropologikoen Institutua, Buenos Airesko Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultatea) parte hartuko dute eta Elkano Fundazioko Rafael Zulaika arituko da moderatzaile.
Julieta Gaztañagak Euskalkultura.eus-i esan dionez, “Elkano Esperientzia” gai jakin batzuen arrastoaz hausnartzeko aukera interesgarria da, hala nola, kontzientzia planetarioaren eratzeaz, irudimenaren balioaz edo kultura ezberdinen munduaren lehen itzuliari buruzko narratiba historikoez. Antropologoak azpimarratzen du abagune bat dela gogoeta eta balantze kritiko bat egiteko eta horri guztiari buruz zer ikasi dugun eta oraindik zer pentsa dezakegun jakiteko.
Ekitaldia gaztelaniaz izango da, eta aldibereko itzulpena izango du euskarara eta portugesera. Plataformaren txataren bidez parte hartu ahal izango da, adituei galderak eginez. Izena emateko, klikatu hemen.