euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zinea, bazkaria, dantza eta meza elebiduna eskainiz ospatu du Aberri Eguna Bahia Blancako Union Vascak

2014/05/09

Aberri Eguneko meza Bahia Blancan (argazkiaEE)
Aberri Eguneko meza Bahia Blancan (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxeak bat egin zuen Argentinako eta munduko beste hainbat euskal elkarterekin, Gernikako Bonbardaketaren 77. Urteurrena gogoratuz eta Aberri Eguna ospatuz, hurrenez hurren eta larunbat-igandez. Bonbardaketari dagokionez, laburmetraia bat eman zuen euskal etxeko Zine Zikloaren baitan Bizkaiko herrixkak jasotako erasoa oroitzeko. Aberri Eguna, berriz, elizkizun elebidun batekin ospatu zuten Buenos Aires probintzia hegoaldeko Bahia Blancako euskal kolektibitateko ordezkariek.

Bahia Blanca, Argentina. Euskal gizataldearentzat bereziki esanguratsuak diren bi data ospatu zituzten apirilaren azken asteburuan Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxeko kideek. Ekintzen egitaraua larunbatean, apirilaren 26an, hasi zen Gernikako Bonbardaketaren 77. urteurreneko zeremoniarekin eta zeremoniaren barruan Espainiako Gerra Zibilean sakontzen duen ‘El ambidiestro’ laburmetraia proiektatu zen. Film honekin, gainera, euskal etxeak urtean zehar garatuko duen Zine Zikloa jarri zuen abian. Iparragirreren Gernikako Arbolaren bertsoak abestu eta efemerideari buruzko hitzak ere plazaratu ziren erakundearen egoitzan burutu zen ekitaldian.

Biharamunean, apirilaren 27an, igandeko programa goizeko 11ak pasata hasi zen San Luis Gonzaga elizan egindako Aberri Eguneko mezarekin. Elizkizuneko zati batzuk eta zenbait abesti euskaraz esan eta kantatu ziren, euskal etxeko ikasleek eta abesbatzako kantariak gidari. Zeremoniari amaiera dotorea emateko, Gipuzkoako Ezpatadantza eskaini zieten euskal etxeko gazteek bildutako lagunei.

Aberri Eguneko bazkaria

Mezaren ostean, egoitzako txokora bildu ziren bahiablancatarrak Aberri Eguneko lagun arteko ohiko bazkaria partekatzeko. Mikel Irazusta lehendakariaren egunari buruzko hitzen ondoren “Aberri Eguna con Mirada Extranjera" filmaren atal bat proiektatu zen.

Bestalde, Buenos Aires probintziako kostaldeko euskal etxetik jakinarazi dute Beti Aurrera dantza taldearen entseguak hasiak direla ordutegi hauetan:

-Txiki Txikiak (0 eta 5 urte arteko umeak): ostiraletan 18:00etatik 19:00etara, Edurne Gil Irazusta eta Rosario Malanga irakasleekin
-Txikiak (5 eta 10 urte artekoak): ostiraletan 19:00etatik 20:00etara Gachi Koehler, Arantxa Gil Irazusta eta Amale Irazusta irakasleekin
-Ertainak (10 eta 15 urte arteko nerabeak): ostiraletan 20:00etatik 21:30etara, Romina Larrañaga, Juan Francisco Eyheraguibel eta Paula Rocha irakasleekin
-Helduak (15 urtetik aurrera): ostiraletan 21:30etatik 23:30etara eta asteazkenetan 20:00etatik 21:30etara, Antonella Caponi eta Tomas Arrillaga irakasleekin



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia