euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elgoibarko indarrezko erronka: Euskal Herriko kirolariak Texasko amerikar indartsuenen aurka, telebistarako

2008/11/19

Elgoibarko plazan ospatu zen ikuskizunaren aurkezpeneko irudia
Elgoibarko plazan ospatu zen ikuskizunaren aurkezpeneko irudia

PUBLIZITATEA

Elgoibarko plazan herri-kirol jaialdi berezia izan zuten joan den larunbat goizean. Izan ere, Estatu Batuetako Texas-tik etorritako bi 'indartsu' nor baino nor aritu ziren kirolari euskaldunekin National Geographic telebista kate entzutetsuarentzat saio bat grabatzen, 'Superhumans' izenekoa. Halakorik egunero ikusten ez denez, jendetza handia bildu zen Gipuzkoako herrian jaialdia bertatik bertara jarraitzeko. Ernesto Ezpeleta 'Bihurri', Jose Ignacio Flores, Jesús Olaizola 'Agite', Jesus Gisasola 'Zelai', Hodei Ezpeleta aizkolari gaztetxoa eta Joseba Ostolaza euskal kirolariak Paul eta Carig Pumphrey indartsuen kontra aritu ziren. Lehiaren ostean Texas-ko anaiek bere zaletasuna agertu zuten jendaurrean: gauzak txikitzea.

Donostia, Gipuzkoa. Joan den larunbatean, azaroak 15, izugarrizko ikuskizuna bildu zen Elgoibarko plazara. Texas-tik etorritako bi 'indartsu' nor baino nor aritu ziren kirolari euskaldunekin National Geographic telebista kate entzutetsuarentzat saio bat --'Superhumans' izenekoa-- grabatzen. Elgoibarren bost probatan saiatuz neurtu zituzten indarrak euskaldunek eta amerikarrek: aizkoran, harri-jasotzen, trontzan, txingetan eta korrika. Aurrez, beste erakustaldi batzuk egin zituzten: lasto-altxatzen, ingudearekin edota gurdi-eramaten, esaterako.

Paul eta Craig Pumphrey anaiak indartsu profesionalak direla esan daiteke. Borroka librean arituak, arte martzialetan hainbat sari irabazi izan dituzte eta beren ikuskizunetan eskuarekin adreiluak eta antzekoak apurtzen aritzen dira. Munduan zehar leku ezberdinetako kiroletan aritu ostean, egun batzuk emango dituzte Euskal Herrian bertako kiroletan saiakera egin, eta kirolok ezagutzera emateko. Segan ere aritzekotan dira, Tomas Aldasororekin, Zaldibian, baita arraunean ere Urdaibairekin, Bermeon.

Euskal Herriko pentatloia bukatuta, bi anaien ikuskizuna etorri zen, National Geographic-erako Elgoibarren grabaturiko lehen irudiak izango zirenak. Herri kiroletan hain ondo moldatu ez arren, indartsuak direla behintzat demostratu nahi zieten Elgoibarren bildutakoei. Craig hasi zen, zartagin handi bat eskuan hartu eta publikoarengana hurbilduz, plazan zegoen gurdira igo, eta kartoi bat balitz bezala bildu zuen. Sekulako txaloak jo zizkioten bertaratutakoek. Ondoren, harri xafla multzo handia prestatu zieten plazaren ertz batean. Kolpe bakarrean puskatu zituen Craigek guztiak, eta ondoren beste multzo bat puskatu zuen Paulek. Ez dute alferrik indartsu fama. Beso bakarrarekin hainbat material puskatzen munduko errekorra baitu Paulek.

Lotura interesgarriak

-Bideoak, argazkiak: Elgoibarko Barren aldizkariko webgunean



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia