Elena Odriozola euskal ilustratzaileak (Donostia, 1967) Urrezko Sagarra jasoko du gaur ostirala Bratislavako Ilustrazio Biurtekoan, Eslovakian, Mary Shelleyren 'Frankenstein' libururako sortutako lanagatik (Nordika Libros, 2013). Galtzagorri Elkarteak proposatu zuen lan honen hautagaitza sariketarako, OEPLIren bidez.
Bratislava, Eslovakia. Etxepare Euskal Institutuak aditzera eman duenez, Elena Odriozola ilustratzaile donostiarrak Urrezko Sagarra jasoko du gaur arratsaldean Bratislavako Ilustrazio Biurtekoan, Mary Shelleyren Frankenstein libururako sortutako lanagatik (Nordika Libros, 2013). Galtzagorri Elkarteak proposatu zuen lan honen hautagaitza sariketarako, OEPLIren bidez.
Bratislavako Biurtekoan nazioarteko ilustratzailerik onenen lanak saritzen dituzte eta saririk garrantzitsuenetarikoa da ilustratzaileen artean; Odriozola Bratislavako Urrezko Sagarra jasotzen duen bigarren euskal ilustratzailea bihurtuko da, Asun Balzolaren ondorenean. Balzolak 1985ean jaso zuen Bernardo Atxagak idatzi eta berak ilustratutako Txitoen istorioa (Erein, 1984) liburuari esker.
Sari banaketa ekitaldia gaur ostiralean, irailaren 4an, egingo da Slovak National Theatre antzokian, arratsaldeko bostetan, eta bertan izango da artista donostiarra, Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin. Elena Odriozolak aurten Espainiako Ilustrazio Sari Nazionala ere jaso du, bere sortze-lanaren “berrikuntzarako gaitasuna” eta “indar narratiboa” direla eta.
Zorionak, Elena!