euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elena Arzak sukaldari donostiarrak Ametsa izeneko jatetxea zabalduko du Londres erdigunean

2012/12/27

Elena Arzak (argazkia J. Lastras)
Elena Arzak (argazkia J. Lastras)

PUBLIZITATEA

Euskal Goi Sukaldaritza Londresera iritsiko da Elena Arzaken eskutik. Aurten bertan "Munduko emakume sukaldaririk onena" titulua, Restaurant aldizkari espezializatu britainiarrak emanik, jaso duen chef-ak jatetxea zabalduko du bost izarreko Halkin hotelean, hiri erdiguneko luxuzko Belgravia auzoan. Juan Mari Arzak sukaldari ospetsuaren alaba den Elena Arzak-ek “Ametsa” ipini dio izena Londresko bere aldaxkari.

Donostia - San Sebastian. Aurretik Alain Ducasse, Joël Robuchon edota Wolfgang Puck bezalako sukaldari ospetsu atzerritarren pausoak jarraituz, Elena Arzakek Erresuma Batuko hiriburuko prestigiozko toki batera eramango du bere goi mailako sukaldaritza, jatetxea zabalduz City londrestarraren erdian.

Ametsa euskal izena hartuko duen jatetxea Buckingham jauregitik gertu egongo da, Halkin hotelean, eta aurretik bertan zegoen Nahm jatetxea ordezkatuko du, Michelin izarra irabazi duen Tailandiaz kanpoko lehenengo jatetxe tailandiarra (izarra iaz galdu zuen).

Arzaktarren filosofiari jarrai diezaioten, aita-alabek Ametsen lan egingo duten bost sukaldariak aholkatuko dituzte. Menuari dagokionez, zertxobait alda daitekeela adierazi dio Elenak Evening Standard egunkariari, jatorri britainiarreko produktu gehiago sartzeko asmoa baitute.

Elena Arzak-ek Munduko Emakumezko Sukaldari Onenaren saria eskuratu du aurten, Restaurant aldizkari gastronomiko britainiarraren eskutik, eta aitarekin batera zuzentzen du Donostiako Arzak jatetxea, hiru Michelin izarduna eta munduko 50 jatetxe onenen zerrendan zortzigarrena (2012ko World’s 50 Best Restaurants), beti ere Restaurant aldizkariaren rankingaren arabera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia