euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elai Alai dantza taldeak Bogotako Gernika Plaza inauguratuko du irailean Kolonbian egingo duen biran

2008/06/18

Elai Alai Dantza Taldea Kolonbian arituko da irailean (argazkia Elai Alai)
Elai Alai Dantza Taldea Kolonbian arituko da irailean (argazkia Elai Alai)

PUBLIZITATEA

Gernikako Elai Alai dantza eta musika taldeak datorren irailaren 21etik 29ra bitartean Kolonbian zehar bira egingo du. Taldeak aurtengo Eusko Jaurlaritzaren euskal etxeak dauden lurraldeetan bira kulturalak egiteko dirulaguntza jaso du eta oraindik biraren xehetasunak antolatzen ari badira ere, Egoitz Atxikallende taldeko kideak EuskalKultura.com-i azaldu dionez 'helburu nagusia Kolonbiako Euskal Etxeak berriztatuko Gernika Plazaren inaugurazioan dantza egitea da'. Honezaz gain, taldeak multimedia ikuskizun bat ere eskainiko du Kolonbian, Gernikako ohiturak ezagutarazteko.

Bogota, Kolonbia. Elai Alai dantza eta musika taldeko 30-35 kidek Kolonbiako biran parte hartuko dute datorren irailaren 21etik 29ra bitartean. Biraren azken ukituak prestatzen ari dira gernikarrak, baina Egoitz Atxikallende elkarteko kideak zenbait alderdi aurreratu dizkio EuskalKultura.com-i. Hitzordu nagusia Bogotako Euskal Etxekoa izango da, izan ere taldeak elkarte euskal kolonbiarraren gonbidapena jaso zuen. Euskal Etxeak eraiki eta berritu duen Gernika Plaza inauguratuko dute dantzari eta musikariek.

Bestalde, Universidad Minuto de Dios-en aritzeaz gain, Elai Alai taldeak beste zenbait unibertsitate eta institutuetan ikuskizunak eskainiko dituela azaldu du Atxikallendek. Hauek ikusleen adinaren arabera prestatuko omen dituzte. Hala ere, jakinarazi duenez, taldeak 'multimedia ikuskizuna eskainiko du' eta diapositiba, bideo, zuzeneko musika eta dantzen bidez Gernikako ohitura ezberdinak erakusten saiatuko da Elai Alai. Adibidez, 'Marijesiak' tradizioko kanten zatitxoak edota inauterietako 'oilar jokoak' antzeztuko dituzte, beste zenbait ohituren artean.

Elai Alai Dantza Taldeko kideek esperientzia dute honelako bira  eta emanaldietan. Iragan urtean gernikarrak Venezuelan aritu ziren zenbait ikuskizun eskaintzen. Bira hartan 16 eta 31 urte bitarteko 35 dantzarik eta musikarik parte hartu zuten eta Egoitz Atxikallendek aipatzen duenez, 'izugarria izan zen esperientzia. Atzerrian Euskal Herriarekiko lotura hain sakona zenik ez genuen sekula pentsatu. Are gehiago, bi ordu eta erdiko ikuskizunak eskaini ondoren, bertakoek gehiago eskatzen ziguten'.


Lotura interesgarriak

Elea Alai
www.elai-alai.org

Bogotako Euskal Etxea
www.euskaletxeacolombia.com




« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia