euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elai Alai Dantza Taldea Kolonbian da, Bogotako Euskal Etxearen Euskal Astean parte hartzeko

2008/09/22

 Elai Alai Caracaseko Euskal Etxean iaz eskaini zuen erakustaldian
Elai Alai Caracaseko Euskal Etxean iaz eskaini zuen erakustaldian

PUBLIZITATEA

Elai Alai dantza talde gernikarrak Kolonbiara bidaia egin du asteburu honetan, Bogotako Euskal Etxeak antolatu duen Euskal Astean parte hartu asmoz. Bizkaitarrek euskal etxe ondo-ondoan dagoen Gernika parkearen inaugurazioan parte hartuko dute eta beste emanaldi batzuk ere eskainiko dituzte Kolonbian zehar. 'Euskal Herri osoko dantzak egingo ditugu, kolonbiarrek ahal bezainbeste ezagutzeko aukera izan dezaten', azaldu zion taldeko Leire Martiartuk EuskalKultura.com-i, abiatu baino ordu batzuk lehenago.

Bogota, Kolonbia. Gernikako Elai Alai dantza taldea Kolonbian da egunotan, Bogotako Euskal Etxearen gonbidapena onartuta. Taldeak hainbat emanaldi eskainiko ditu herrialde hegoamerikarrean eta Bogotako elkartearen Euskal Astean parte hartuko du. Bizkaitarrentzako ekitaldi berezienetako bat Euskal Etxearen ondoan dagoen Gernika izeneko parkearen inaugurazioan dantzatzea izango da.

Euskal taldeko 22 dantzarik eta lau musikarik osatzen dute Kolonbiara bidaia egin duen multzoa eta hamar gau egingo dituzte herrialde honetan. Bidaiarekin euren helburua  'kolonbiarrei Euskal Herriko dantzen erakustaldi ahalik eta zabalena eskaintzea' da, taldeko Leire Martiartuk azaldu duen legez. Helburu horrekin, gernikarrek eskainiko dituzten dantza hauetxek izango dira, besteak beste: Bizkaiko Dantzari-dantza eta Gorulariak; Gipuzkoako dantzak; Nafarroako Kortesko dantzak; Erregelak bezalako Gernikako dantzak eta Ingurutxoa.

Oso programa trinkoa

Elai Alaiko dantzarientzat hau ez da izango Diasporako euskaldunak topatzen dituzten lehen aldia, izan ere iaz Venezuelan izan ziren, Caracaseko eta Valencia-Caraboboko euskal etxeek gonbidatuta. 'Esperientza ahaztezina izan zen', gogoratzen du Leire Martiartuk. 'Gainera Caracaseko euskal etxean Gernikako jendearekin topo egin genuen eta herriko euren senitartekoek emandako opariak eraman genizkien. Eta noski, haiek, bueltan eramateko beste opariak eman zizkiguten. Bidaia hartan euskal etxean egin genuen lo eta jendea guregana etortzen zen, gurekin egotera eta berba egitera. Nire ustez euskaraz egiteko gogoagatik etortzen ziren. Eta Gernikako eta Euskal Herriko berri eske'.

Elai-Alairen emanaldiak Kolonbian:

-Igandea, irailak 21: Mosquera, Cundinamarca
-Astelehena, 22: La Vega, Cundinamarca
-Asteartea, 23: Cumaral, Meta
-Asteazkena, 24: Bogotá Ubate, Cundinamarca
-Osteguna, 25: Ubate-Chiquinquira, Boyaca
-Ostirala, 26: Villa de Leyva, Boyaca
-Larunbata, 27: Villa de Leyva, Boyaca
-Igandea, 28: Tocancipa, Cundinamarca
-Astelehena, 29: Bogotá

Lotura interesgarriak

Bogotá-ko Euskal Etxea, Kolonbia
www.euskaletxeacolombia.com

Caracaseko Eusko Etxea, Venezuela
http://euskoetxeacaracasblogspot.com

Valencia-Caraboboko Eusko Etxea, Venezuela
http://valenciakoeuskoetxea.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia