San Salvador, El Salvador. Aberri Egunaren aurreko artikuluan aipatu genuen bezala, Aberri Eguna munduko euskal etxe askok ospatzen duten festa da. Ohi bezala, euskal etxe eta komunitateetako batzuek joan den igandean ospatu dute, eta beste askok datozen egun eta asteburuetan egingo dute. Igandean ospatu zutenen artean El Salvador Errepublikako San Salvador hiriburuko Euskal Etxea dago, aurten gainera, modu berezi batean, Hibai euskal kantari eta kantugilearen bisita jaso baitzuten.
Elkarretaratzea Euskal Etxearen egoitzan egin zen eta kantaldiak marka berezia ekarri zion Aberri Egunaren ospakizunari. Ohiko festa giroari aipatu kontzertu txikia gehitu zitzaion, beti ere senidetasun bazkariak, Euskal Etxeko sukaldariek prestatua, lokarri gisa funtzionatu zuela.
Bihar segituko dugu beste Aberri Eguneko ospakizun batzuen berri ematen.