Buenos Aires, Argentina. Hiilabete joan da Argentinako gobernuak ere ezinbesteko etxealdia agindu zuenetik, eta horretan aldaketa gutxi hemen zein hemendik kanpo. Momentuz horrela jarraitu behar, eta etxean geratu behar izate horrek aukera ezinhobea ekarri digu telebista, zinema eta internet bidezko ikusentzuteko aukerak esploratu eta sakontzeko. Segidan dakarzkizugun gomendio hauek Buenos Airestik idatzi diguten bi irakurlek helarazi dizkigute, euskal zinema edo EHrekin zerikusia daukaten hainbat izenburu bildurik.
Eskaintza aberatsa hurbiltzen die Netflix plataformak Argentinan euskal zinezale direnei. Euskarazko pelikula batzuk azpitituluekin ikus daitezke, hala nola “Errementari” (2017), “Handia” (2017) eta “Loreak” (2014). Gaztelaniaz drama aipagarriak daude eskura: “El árbol de la sangre” (2018), “El hoyo” (2019) eta “La trinchera infinita” (2019).
Baina komediak ere badaude: “La pequeña Suiza” (2019) eta “Fe de etarras” (2017).
Genero poliziala gustukoa duenak: “El guardián invisible” (2017), “El silencio de la ciudad blanca” (2019) eta Bizkaian errodatutako “La víctima número 8” (2018) telesaila. Euskal Herriarekin lotutako dokumentala da baita ere “El fin de ETA” (2016); eta Alex de la Iglesia-ren bi pelikula, “El bar” (2017) eta “Perfectos desconocidos” (2017).
Hauei aste honetan emendatu zaie "El legado en los huesos" (2019), Baztango Trilogiaren bigarren zatia, eta "El guardián invisible"ren segida.
Euskarazko izenburu gehiago ikusi nahi izatekotan, begiratua eman “Noticias Vascas” ekimen uruguaitarrari dagokion “Eusko gudariak” YouTube kanalari eta bertara igo dituzten filmei (gaztelaniazko azpitituluekin), esaterako “Zirgariak” (2006) eta “Kutsidazu bidea Ixabel” (2006).
Hamaika dira online dauden baliabideak, baina ez ahaztu EiTBren artxiboa, Nahieran-ekin ikusteko, hamaika saio, telesail, dokumental eta film labur eta luzeekin.
Eskerrak ematen diziegu Maria Laura eta Joni pasatu dizkiguten datu eta iradokizunengatik. Zeuk ere zureak pasatu nahi badizkiguzu, aski duzu beherago dagoen "Komentarioa gehitu"ren gainean klik egin eta hortxe uztea zeure ekarpena. Aldez aurretik eskerrik asko.